Hogei urte beteko ditu, datorren asteartean, Mikelazulo elkarteak.
Elkartearen lokalari aurten itxura aldatu badiote ere, bi hamarkadetan espiritu berbera mantendu du Mikelazulok.
Hogei urte beteko dira Beheko Kaleko mailaren azpitik dagoen lokala atondu eta ireki zutela. 1995eko ekainaren 9an ireki zuten Errenteria-Oreretako zein eskualdeko erreferente kulturaletako bat den Mikelazulo elkartea, Mikela. Egun hartan Mikel Markezek kantatu, Joxemari Carrerek ipuinak kontatu eta Ibon Zabalak bertsoak jarri zizkion elkarteari. Gainera, sortu berriaren filosofiari buruzko lau zertzelada eman zituzten.
Bi hamarkada hauetan hamaika ekitaldi, dinamika, bidai, emankizun eta abar antolatu dituzte. Ekarpena egin dio udalerriko kultura eszenari, baina zenbaterainokoa? Joxe Ramon Gurrutxaga Txokolo-k gogorarazi du elkartea ez zela ekarpena egiteko jaio, baizik eta «herritarrek gune aske bat izan zezaten, eta harremanak izan zitzaten». Bere ustez, harremanetarako gune batean sortzen diren emaitza guztiak ekarpenak dira, bere zentzu zabalean: «Hasieran, kuriositatea duzu bizitzeko, eta kuriositateko bide horretan aukeraketak egiten dituzu, jende ezberdina ezagutzen duzu, aukera gehiago dituzu… Ez zen asmoa helburu hertsi bat edukitzea».
Gune ireki izate horrek herritarrei proposamenak eramatea ahalbidetu die. Urko Redondok ere uste du ekarpen nagusia horrelako gune bat, bere horretan, edukitzea izan dela. «Ezinegonak partekatzeko tokia da, beste jende batekin elkartzekoa», gaineratu du. «Aske» izatearen garrantzia nabarmendu du: «Hemen dagoen jendeak beso zabalik jasoko ditu proposamenak eta ziur tokia eta babesa emango dizkiola».
Ekarpenaren adibide grafikoa jarri du Joseba Barriolak: «Ume bat Errenterian jaiotzen denean, zer ekarpen egiten dio Errenteriari? Umea bera da ekarpena. Herriko jendeak berak garatu du Mikela». Sortzean borondate bat zegoela jakinarazi du, eta gerora «herriak elikatu du».
Hala ere, izenean hitza eramanagatik, elkartea ez da zulo hutsa. Mikelakideak ez dira pareten artean giltzapean geratu. «Espazio batean sortzen diren lehen harremanak kanpora begirakoak dira», zehaztu du Txokolok.
Barriolak Paleolitikoko leizeekin alderatu du elkartea. «Imajinazioaren eta sorkuntzaren kobazuloa da hau», esan du, beste etsenplu grafiko bat jarriz: «Dena margotuta dago. Animalien kontra ateratzen gara kalera, arrazismoaren eta etorkinen kontrako legeen animalien kontra. Baita ere kaleko bizitzaren apatiaren kontra, edo bizitzaren ez-poetizazioaren, ez-teatralizazioaren kontra».
«Herritarrek gune aske bat izan zezaten jaio zen, harremanak edukitzeko»
J. R. Gurrutxaga ‘Txokolo’ Mikelazuloko kidea
«Kaleko bizitzaren apatiaren kontra ateratzen gara gure kobazulotik»
Joseba Barriola, Mikelazuloko kidea
Horrela, sorkuntzaren koba horretan bakoitzak bere lanabesak ditu, batzuk euren ikasketengatik, beste batzuk bere kabuz garatuta. «Pertsonen konplizitate horrek ahalbidetu du erramintak garatzea eta partekatzea, eta sentimentu eta iritziak kontrastatu dira. Kuriositate horrekin antzerkiak, poesia, musika eta abar sortu dira», Txokolok adierazi duenez.
Harremanak «modu naturalean» sortu direla zehaztu du Barriolak, eta elkartearen «giro askeak» bertan egindako lanek tonu kritikoz zipriztinduta daudela baietsi du.
Merkatuaren gizartearen logikatik alde egin dute Mikelazulo abiapuntu izan duten sorkuntzek. «Merkatu gizarte honetan kokaleku bat bilatu nahi duzunean, gizarteari begiratzen diozu zure produktua bizi dadin. Hemen, agian, alderantziz da: bakoitzaren hausnarketa edo gogoa formatu eder batean bilakatzea, eta kanpoko jendeari eskaini», esan du Txokolok.
Horrela, helmuga baino, abiapuntu da Beheko Kaleko lokala. Barriolak azaldu duenez, poeta hasiberriek oraindik euren lanak zaildu gabe zituztenean, Mikela-ra jotzen zuten. «Eta guk zer txalotzen genuen?», galdetu du. «Bada, ausardia egiteko, eta bestetik, ausardia jendearen aurrean erakusteko. Gutxi inporta zitzaigun nor zen. Gauza horiek egiteko giro maitakorra zegoen, dago», ihardetsi du.
«Merkatuaren tiraniari» ihes egiteaz gain, erakunde ofizialen eta tradizio hertsiei ere ihes egiten diete. Hori bai: hizkuntzareneretik, euskaratik, edan dute urte hauetan.
Kultura erreferentea
Egun sona handia duen DejaBu panpin laborategiaren sortzaileetako bat da Redondo. Mikelazulon egin zuen topo antzerkiarekiko zaletasuna zuten beste lagun batzurekin: «Lanerako toki bat da, eta afiziorako, Eztena bezalako antzerki zikloekin. Hemen ezagutu dugu elkar, eta hemen egin ditugu loturak. Mikelazulok egin dituen bidaia horiek pizgarri izan dira. Poesia zela, aktore zela… beti sortu dira hemen ibiltzen ginenon artean halako proiektuak. Urrunago joan da Mikelaren erreferentzia: ez da bakarrik herriko jendea, kanpokoak ere erreferente gisa du. Antzerkia erakusteko beste plazatxo bat da».
«Egileek egiten zutena egiteko ausardia zein erakustekoa txalotzen genuen»
Joseba Barriola, Mikelazuloko kidea
«Herritik urrunago joan da: kanpoko jendearentzat ere erreferente da»
Urko Redondo
Asko baloratzen du horrelako espazioak egotea: proposamen batekin joan eta, baldintzak betetzen baditu, bertan aurkezteko aukera izatea. Hori «opari» bezala definitu du Redondok.
Txokolok ziurtatu duenez, inoiz ez diote ezezkorik eman proposamen bati. Izan ere, «edonor» izan daiteke Mikelazuloko kide: «Sekula ez du bazkiderik izan. Eta hori aukera bat izan zen. Espazio hau zerbaitetarako balio dion pertsona oro da hemengo bazkide. Ez da kuotarik ordaindu behar, bere izaeraren aportazioa bakarrik dago».
Eta proposamen batek bestea kutsatu du. Txokoloren ustez, hala izan dira Mikelan sortutako lan guztiak. «Espazio honetan sortu zen elkarrekin esperimentatzeko behar hori. Alegia, bi pertsona ezagutzeko gogoaz gain, bazegoen euren lanaren berri izateko gogoa», zehaztu du. Kasu horretan abangoardian egon da elkartea: «Diziplina batekin beste bat sortzen zen. Adibidez: hitza eta kontrabaxua, antzerkia margolari batekin… beste toki batzuetan egitea, orain, normala da».
Ibilbide ez lineala
Hogei urteak ez dira berdinak izan. Jendearen joan-etorriak egon dira. Hala ere, gorabehera bezala ez ditu definitu Txokolok: «Batzuetan poesia egon zen boladan, besteetan antzerkia, bestetan egunerokotasuna. Eta uste dut hori izan dela gakoa. Garai batzuetan arlo bati ematen zaio garrantzia». Orain literatura eta pentsamendu kritikoari ematen diete garrantzia.
Askotan aholkua eskatu diete beste herrietan filosofia bera duen lokalen bat irekitzeko. Txokoloren ustez ezinezkoa da hori. Izan ere, ezin da giroa transmititu: «Adibidez, pertsona oso ezagunak etorri dira hona: Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, Koldo Izagirre, Alfonso Sastre… Ez zaie inolako azalpenik eman behar izan, ez zer den hau ezta zein baldintzatan etorri behar duten ere». «Ez egin taberna irlandesek bezala. Gure filosofia gustuko baduzu, erantsi iezaiozu zure izaerari», gaineratu du.
Ekitaldi asko egin dituen lokala, ospatzekoak ere
Sormenak gora eta behera egin du eskailera hauetan.
Asteartean, hilaren 9an, irekiera ospatzeko jai txiki bat egingo dute Mikelazulon, eta elkarteko lagun guztiei abisua pasatu diete. Beheko Kalean etxeko mahai bat jarriko dute, eta hor egongo dira jateko eta edateko gauzak. Mikrofono irekia ere egongo da.
«Zein da helburua?», itaundu du Txokolok: «Ondo jan, ondo edan, elkarren berri izan, hitz egin… eta bakoitzak egin dezala nahi duena». Astearte buruzuria izango da hogeigarren urteurrenarena. «Eskaintzak izan genituen emanaldiak eta abar emateko, baina horiek ahaztu eta beste egun batzuetarako utzi genituen», argi utzi nahi izan du.
Eta ez dira egun gutxi izango. Urtean zehar ekitaldi eta iniziatiba asko antolatzen dituzte. Hala ere, ez dituzte finkatuta. Txokolo: «Zailtasun bat izan dugu beti. Komunikabideak etortzen direnean, eskatzen digute ekitaldien agenda. Ezin diegu eman. Ez da ez dugulako nahi, baizik eta ez dakigulako. Sormen aske horri kristoren garrantzia ematen zaio. Agian bi hilabete barru norbait etorriko da ideia bikain batekin…».
Horrela, aste tematikoak sortu zituzten, baina euren helburua ez da data horietara mugatzea. Adibidez, bi aste barru Eztena antzerki zikloa hasiko dute, baina urtean zehar ere eramaten dituzte antzezlanak lokalera, Zizt! iniziatibaren barruan. Gainera, sortzaileei aukera eman diete nahi dutenean aurkeztu ahal izateko.
Hala ere, urtetik urtera finko diren zikloak badituzte. «Momentuz finkoak dauden egitarau batzuk badaude, indarra eta borondatea badaukagulako da», zehaztu du Barriolak. Hala ere, elkartearen jarrera heterodoxoari jarraituz, eskema horiek apurtzeko prest daudela ziurtatu du, «apurtu behar badira». Sortzaileen diziplinekin gertatzen den bezala, hemen ere asteak hibridoak izan daitezke. Horrela azaldu du Barriolak: «Herrien Astea, adibidez, izan daiteke poeta bat arabieraz eta euskaraz errezitatzen. Zentzu orokorrean. Beste adibide bat: Gure Esku Dago eta etorkin bat oihalean sinatzen».
Udalerritik at
Mikelazuloko kideen helburua ez da izan ibilbide luze honetan egindakoa zerrendatzea. Baina mintzakideek elkarrizketan zehar Ekuadorrera egindako bidaia tartekatu dute etengabe. Errenteria-Oreretatik kanpora eraman dute Mikelazuloren espiritua.
Mendearen hasieran Senegal eta Ekuadorrera joan ziren. Esperientzia aberasgarria izan zen. Horrela gogoratzen du Txokolok: «Ekuadorrera joan ginen ‘Zer ote da Ekuador?’ galderarekin. Guk ez dugu hango artxiborik, eta guretik abiatzen ginen. Joaldunen soinua ote da Ekuador? Mariren kondaira al da? Han azaldu ginen indigenen aurrean».
Barriolak zehaztu du ez zirela «inperialista moduan» joan, baizik eta lagun gisa: «Quiton, Chachin eta ketxuen herri batean eman genuen antzerkia, eta hiruetan erreakzioa ezberdina izan zen. Quiton, intelektualek, gure antzezlana txalotu zuten. Chachin, berriz, isiltasun osoa. Agian, ikusi zuten lehenengo obra izan zen. Kitxuek, berriz, guk baino hobeto ulertu zuten gure antzezlana, eta beraiek interpretatu zuten. Oiloipurdia jartzeko modukoa». Beheko Kaleko lokalean geratzen ez diren horietakoak dira.