Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana aurrera eramateko diru laguntzak eskatu ditu udalak; martxan jarri dira
Pasa den maiatzaren 6an Errenteriako Udalak Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) onartu zuen. Plan horren arabera, berotegi efektua sortzen duten gasak murriztu behar dira: 2020an 2007an baino %20 gutxiago izan behar dute. Udalak 80 neurri zehaztu ditu, zortzi ildo estrategikotan. Ildo horiek honakoak dira, besteak beste: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasun iraunkorra, biodibertsitatea edo hondakinak. Neurri horiek aurrera eramanez gero, bost urte barru %20,16 jaitsiko da gas mota horren efektua.
Jarduneko Ingurumen zinegotzi Jose Manuel Ferradasek adierazi duenez, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak lortzeko bidean, diru laguntzak eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Horrela, bi proiektu gauzatuko dituztela iragarri du. Honakoak dira:
- Beraungo argiteria publikoa berritzea: LED motako 213 argi jarriko dituzte, eta zaharrak kendu. Aurrekontua 120.676,69 euro dira, eta urte honen bukaeran egingo dute. Udalaren kalkuluen arabera, CO2 isuriak 17.977 tona gutxituko dira.
- Udal euskaltegiko eraikineko galdara kentzea eta energia berriztagarriko —biomasa— galdara jartzea. Aurrekontua 194.939,91 eurokoa izango da, CO2 isuriak 39.823 tona gutxituko dira.
Horrez gain, udalak beste diru laguntza pare bat eskatu dizkio aldundiari, Tokiko Agenda 21ren bi ekintza gauzatzeko. Alde batetik, 2005eko zarata mapa berrituko dute. Udazkenean hasiko da eta bederatzi hilabete iraungo du. Parte hartze prozesuak martxan jarriko dituztela iragarri du udalak. Bestetik, saneamendu saretik naturara edo ingurumenera egiten diren isuriak aztertuko dituzte. Behin identifikatuta, Saneamendu Plan Zuzentzailea osatuko dute, dauden arazoak konpontze aldera.