LABek jakinarazi duenez, KPI negatiboa izateagatik, enpresako soldatak jaisteko alde bateko erabakia hartu zuen
Papresako langileei eman die epai batek
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, epaitegi batek arrazoia eman die Papresako langileei. Izan ere, pasa den urtarrilean, zuzendaritzak langileen soldata jaistea erabaki zuen, “aldebakartasunez eta inposaketaz”, LABek salatu duenez. Soldata jaitsiera hura enpresa batzordearen, Gipuzkoako lan harremanen kontseiluaren eta patronalaren informe juridikoaren irizpidearen kontra erabaki zuten.
Sindikatuaren arabera, erabaki hura “oso larria” izan zen. “Ez ginen ondoriorik gabeko zalantza juridiko huts baten aurrean, zuzendaritza eta enpresa batzordearen adostutako hitzarmenaren interpretazio eta aplikazioaren aurrean baizik”, argitu du LABek. Euren esanetan, akordioak “errespetatzeko” egiten dira, “eta enpresak ezin du berak bakarrik nahi bezala, erabaki nola aplikatu”. Enpresa batzordeak epaitegietara eraman zuen erabakia, hitzarmena ez betetzeaz gain, murrizketa aplikatu zutelako “inolako adostasunera iristeko borondaterik gabe”. Soldata jaistea zuzendaritzaren alde bakarreko erabakia dela ebatzi du epaiak.
Papresako zuzendaritzak langileekin izan nahi duen harremanaren gainean “hausnartu” beharko lukeela uste du sindikatuak: “LABen beti egon gara adostasunetara iristeko prest, hori delako biderik onena guztientzako ondorio onuragarrienak lortzeko”. Argi utzi dute enpresak “inposizioaren eta mehatxuaren bidea hartzen badu”, eurak parean izango dituela. Atzo kaleratutako epaia ez dute garaipen juridiko bezala hartzen. “Gure eskubideen aitortza juridiko hutsa da. Gure eskubideetan ez dugu atzerapausorik onartuko, eta hemendik aurrera ere, LABek akordioen beharra eta garantzia defendatzen jarraituko dugu”.