Atzoko ezohiko plenoa izan zen agintaldia lehena
Agintaldiko lehenengo plenoa egin zuen Errenteriako Udalbatzak atzo arratsaldean. Bertan, udalaren antolaketa berria zehazteaz gain, madalenetan zeintzuk omenduko dituzten erabaki zuten aho batez zinegotziek. Hibaika Arraun Elkartea izango da aurten aitortza jasoko dutenak. Hasierako testuari PSE-EEk ekarpena egin zion, eta honela geratu da testua: “Hibaika Arraun Elkarteari aitortza egiten diogu, bere ibilbideagatik, ekarpenagatik, kirol baloreen hedapenagatik eta errotze sozialagatik, baita kirol ibilbideagatik ere”.
Ezohiko udal plenoan Alkatetzaren lau proposamen jorratu zituzten. Pasa den agintaldian bezala, plenoak hileko azken asteartean, 18:30ean, izatea adostu zuten EH Bilduk, Irabaziz-ek eta EAJk —PSE-EE abstenitu egin zen—. Bigarren puntuan, berriz, izaera iraunkorreko batzordeak sortu zituzten. Honakoak izango dira: Alkatetza eta Garapen Sozioekonomikoa eta Merkataritza; Presidentzia eta Barne Erregimena; Kirolak, Hezkuntza eta Gazteria; Euskara; Hirigintza eta Hiri Mantenua; Udaltzaingoa, Trafikoa eta Garraioak; Ogasuna; Berdintasuna; Kultura; Gizarte Zerbitzuak; eta Ingurumena izango dira sailak, eta era berean, Informazioaren Gizartea eta Komunikazioa saila ere sortu dute.
Organo kolegiatuetako ordezkariak
Udal Patronatuetako ordezkariak zeintzuk izango diren ere hautatu zituzten, EH Bildu eta Irabaziz-en aldeko botoekin, eta gainontzeko bi taldeen abstentzioarekin. Horrela, Jesusen Bihotza zaharren egoitzan Irabaziz-eko Nagore Basurto izango da ordezkaria, Kirol Patronatuan EH Bilduko Jon Txasko eta Errenteria Musikalen bere koaliziokide Garazi Lopez de Etxezarreta.
Erakunde kolegiatuetan udalaren ordezkariak zeintzuk izango diren ere zehaztu zuten atzo. Honakoak dira izango dira ordezkari titularrak:
- San Marko: Bernar Lemos (EH Bildu) eta Jose Cruz Legorburu (Irabaziz).
- Errenteriako Zentral Hidroelektrikoa SA: Jon Txasko eta Julen Mendoza (EH Bildu).
- Oarsoaldea Garapen Agentzia: Julen Mendoza (EH Bildu).
- Añarbeko Mankomunitatea: Bernar Lemos (EH Bildu) eta Mikel Rodriguez (Irabaziz).
- Eresbil: Julen Mendoza (EH Bildu) eta Ion Collar (Irabaziz).
- Behemendi: Jose Cruz Legorburu (Irabaziz).
- Aiako Harria: Jose Cruz Legorburu (Irabaziz).
- Gurutze Gorria: Nagore Basurto (Irabaziz).
- Gipuzkoako Lurralde Garraio Agintaritza: Jon Txasko.
Aurrekontuari dagokion beste puntu bat ere aztertu zuten. Horrela, alkatearen kabinete buruaren lanpostua deuseztatzea erabaki zuten, eta udal ordezkariek jaso dezaketen gehienezko soldatak ere jaitsi zituzten. Gobernu ardura duten zinegotziek langile publikoen 25 mailatik 24ra jaitsi dira. Gobernu ardurarik ez dutenek 20. mailan geratuko dira. Gehienez, 48.000 eta 42.000 euro pasatxo jaso ditzakete, hurrenez hurren. Zinegotzi guztiek aho batez erabaki zuten.