Moañako estropadan indar erakustaldia egin zuen San Pedrok
Ondo aritu dira traineru pasaitarrak asteburuan Galizian jokatu diren bi estropadatan. Sorpresarik handiena San Pedrok eman zuen atzo Moañan, hirugarren postuan sailkatuta, Kaiku eta Orioren aurretik.
Estropada Urdaibaik irabazi zuen, eta Hondarribiko
Ama Guadalupekoa bigarren helmugaratu zen 3 segundoko aldearekin. 10 segundo atera zizkion Urdaibaik San Pedrori. Orio bederatzigarren helmugaratu zen atzo, eta hamargarren postuan San Juan iritsi zen.
San Juan, larunbatean hobeto
Moañan baino hobeto San Xenxon egin zuen arraun Pasai Donibane Koxtapek. Hondarribiak irabazi zuen haizeak erabat baldintzatutako estropada. Bigarren tandan irten ziren traineruei lagungarri izan zitzaien haize aldaketa eta emaitzetan eragina nabarmena izan zen. Cabo izan zen bigarren, San Juan hirugarren eta laugarren Astillero. Orio, berriz, seigarren postuan helmugaratu zen eta zazpigarren izan zen San Pedro, Kaikuk eta Urdaibaik jarraituta.
Hondarribia buruan, tarteak handituz
Atzo Urdaibaik irabazi zion arren, Hondarribiari aldekoak izan zaizkio asteburuko emaitzak, bere kontrario batzuekiko aldea, Orio kasu, dezente handitu duelako. Oraingoz,
Ama Guadalupekoak dira
sailkapenean jaun eta jabe. Zortzi puntuko aldea du Hondarribiak Urdaibairekin –sailkapeneko bigarrena da
Bou Bizkaia–.
Larunbatean, etxean
San Pedrorentzat oso lagungarri suerta daitezke atzoko emaitzak. Hirugarren postuan sailkatu izanak aukera emango dio datorren larunbatean berak antolatutako estropadan bigarren txandan arraun egiteko. 18:00etan jokatuko da larunbatean III. La Caixa Bandera, Pasaiako badian eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatuta.
Hona Haitz Ortizek Moañako estropadaren ondoren egindako
adierazpenak.