Oarsoaldeko traineruek maila ona eman zuten atzo, Sestaon egin zen KAE2 Ligako lehen estropadan.
Hibaikaren trainerua, atzo, Sestaon
Ondo, oso ondo hasi dute Oarsoaldeko traineruek KAE2 Liga, Euskal Herriko ontziek parte hartzen duten hirugarren maila. Lehen estropada atzo egin zuten Sestaon, Iberia taldeak antolatuta. Eta bertan, Hibaika laugarren izan zen, San Pedro B bosgarren, eta Oiartzungo Itsaslapurren trainerua hamargarren. Orotara, hamalau traineru daude liga horretan.
Hibaikaren gizonen taldeak atzo azaldu zuen urrats bat aurrera egin duela aurten. Iaz ez ziren gaizki ibili, 6. posturik 9.erako borrokan. Atzoko laugarren postuarekin mahaiaren gainean jarri dute onenekin lehian ibiltzeko asmoa dutela errenteriarrek. Hondarribia B irabazletik segundo askora gelditu arren, traineru beltzaren atzetik gelditu zirenak urrun izan zituzten, hortaz, ligako lehen txandan egonkortzeko aukera ona dute errenteriarrek.
San Pedro Bk ere helburuak bete ditu. Formazio bokazioa du
Libia-ren bertsio gazteak, eta KAE2 bezalako liga lehiakor batean bosgarren izateak badu meritua. Hau da, formazioak eta emaitzek ez dutela talkarik egiten erakutsi zuten estreinako lehian. Hazteko aukera badute moreek, lehenetatik hurbilago egoteko.
Sorpresa positiboa, Oiartzungo Itsaslapurrena. Hamalautik hamargarren izan ziren. Kontuan hartuz liga ofizial batean parte hartzen zuten lehen estropada izan zela atzokoa, emaitza bikaina. Gainera, 8. eta 9. postuan gelditu ziren Lutxana eta Donostiarra B hiru segundo baino gutxiagora izan zituzten Itsaslapurrek, hau da, gora egiteko aukerak badituzte.
Ondorioa: hasiera ona izan dute Oarsoaldeko traineruek KAE2 Ligan. Behekoa da sailkapena:
- Hondarribia B, 20:09
- Castro, 20:17
- Arkote, 20:24
- Hibaika, 20:39
- San Pedro B, 20:53
- Mundaka, 20:57
- Getxo, 20:58
- Lutxana, 21:07
- Donostiarra B, 21:09
- Itsaslapurrak, 21:10
- Zumaia B, 21:17
- Colindres, 21:19
- Bermeo, 21:27
- Iberia, 22:24