Egitaraua aurkeztu dute gaur, eta liburuxkak bihar, etzi eta etzidamu egongo dira eskuragarri udal eraikinetan eta beste hainbat tokitan.

Ion Collar eta Jaione Karrikiri, egitarauak eskuetan dituztela
Iruñean entzierroaren hesiak iragartzen ditu sanferminak hurbil daudela. Errenteria-Oreretan madalenen gertutasunaren adierazle —beste maila batean— da jaien egitaraua. Gaur egin dute egitarauaren aurkezpena, udaletxeko pleno aretoan, eta herritarrek jada eskuragarri dute
Herri Bizia webgunean. Liburuxkak —mardula zeini poltsiko formatukoa— eskuratzeko bihar arte itxaron beharko da. Ohi bezala, udaletxeko arkupetan banatuko dituzte bihar, etzi eta etzidamu, 10:00etatik 13:00etara. Ez da jasotzeko toki bakarra izango: udalaren eraikinetan, auzo elkarteetan, publizitatea jarri duten saltokietan zein kirol instalazioetan lor daiteke. Oarso aldizkariarekin batera ere banatuko dute. Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte.
Ion Collar Kultura zinegotziak azaldu duenez, aurten madalenak hilaren 17an
hasiko dira. Izan ere, egun horretan Hibaika omenduko dute, Niessen kulturgunean. Ekitaldi horretan bertan, aurtengo kartela egin duen Susana Ibañezi saria emango diote.
Jai batzordearen lana goraipatu du Collarrek, eta bertan 35tik gora eragilek parte hartu dutela azaldu du: “Aniztasuna, berdintasuna eta errespetutik osatu dute programa”. Egitarauan, beste behin, haur eta gaztetxoek beren tokia izango dutela nabarmendu du. Horrela, eurentzako txupinazo berezia egingo dute hilaren 21ean, Koldo Mitxelena plazan, 17:30etik aurrera. Horrez gain, musika eskaintza ere nabarmendu du Collarrek, honako —besteak beste— talde hauekin: La Fuga, txistulariak eta Anne Etchegoyen, Reincidentes, Kiko Veneno, Zea Mays…
Gainera, aurreko urteetan bezala, txupinazoa jarraitzeko pantaila erraldoiak jarriko dituzte, eta streaming bitartez emitituko dute, Herri Biziaren webgunean. Webgune horretan bertan,
#madalenak2015 traolarekin lotutako mezu guztiak agertuko dira. Collarrek haur eta gazteak animatu ditu mezuak idazteko.
Baina ekitaldi guztien zehaztapenak eman beharrean, hobe da programa begiratu, eta are hobeagoa, madalenetan bertan bizi eta disfrutatzea. Horretarako 340 ordu bakarrik falta dira…