San Pedro eta Hibaika KAE2 Ligaren goiko aldean egonkortzen ari dira

Oiartzungo Itsaslapurrek 8. eta 10. postuan bukatu dituzte asteburuko estropadak

Hibaikako gizonen taldea

Hibaikako gizonen taldea

Larunbatean Donostiarra/Grupo Amenabar estropada jokatu zuten Gipuzkoako hiriburuko badiako uretan. Ongi aritu dira Oarsoaldeko traineruak. Horrela, San Pedroren bigarren trainerua bigarren izan zen estropada horretan, Castrorengandik zortzi segundora. Hibaika, berriz, laugarren izan zen. Irabazleek baino hemezortzi segundo gehiago behar izan zituzten lau luzeak osatzeko. Klub sortu berria da Oiartzungo Itsaslapurrak, eta uste baino hobeto ari dira. Hamargarren postuan bukatu zuten Donostiako estropada, beste lau taldek baino hobeto, baina irabazleengandik bi minutu pasatxora. Atzo, berriz, Mindara elkarteak antolatutako lehenengo bandera izan zen lehian San Pedron. Badiako uretan, berriro ere, Castroko eskifaia izan zen indartsuena. Sanpedrotarrak, bezperakoa ezin izan zuten berdindu, eta koska bat jaitsi zuten sailkapenean. Hamabi segundo gehiago behar izan zituzten. Traineru gorribeltza bosgarren izan zen, minutu erdi batera. Oiartzuarrek, berriz, orain arteko postu onena lortu zuten: zortzigarren bukatu zuten. Sailkapen nagusian, San Pedro hirugarren da, 35 punturekin; Hibaikak 32 puntu ditu —laugarren dira— eta Oiartzungo Itsaslapurrek hamazazpi dituzte, bederatzigarren postura igotzeko.

Errenteria Hiria Bandera

Datorren asteburuan Plentzian (Bizkaia) eta Errenteria-Oreretan jokatuko dituzte estropadak KAE2 Ligako taldeek. Hibaikak antolatzen duen Errenteria Hiria Banderaren hirugarren ekitaldia Oiartzun ibaian jokatzea nahi zuten antolatzaileek, baina azken orduko arazoak egon direla eta, San Pedron jokatuko dute. Igandean izango da, 12:30etik aurrera. Datorren urterako ibaiko uretan egiteko asmoa dutela berretsi du Hibaikak.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.