Sinadura bilketa abiatuko du Lezoko Hezkuntza Bilguneak, eta nazio mailako deialdia ere luzatu du gaurko agerraldian azaro amaieran hezkuntza propioaren Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko.
Agerraldi jendetsua egin du aur arratsaldean Lezoko Hezkuntza Bilguneak. Inposaketarik ez dutela onartuko eta hezkuntza propioa eraikitzeko lanean ariko direla esan dute hamarnaka herritarrek. Ikasle, irakasle, guraso zein herritarrek egin dute bat bilguneak deitutako elkarretaratze eta agerraldiarekin Saldise plazan, eta euskal hezkuntzarentzat ez dagoela berri askorik esan dute: “Badakigu LOMCE gure ikastetxeetan erabat sartuta dagoela eta aldaketak areagotuz doaz, azterketak gehitu dituzte 3. eta 6. mailan”.
Ikastetxeetan ikaslea oinarri ez duen sistema ezartzen ari direla salatu dute, beste behin, eta horren harira, ikastetxeetan eta kalean izango direla aurten ere gaineratu dute. “Argi utzi genuen iazko planto masiboarekin, inongo inposaketarik onartuko ez dugula. Gure seme-alabak eta ikasleak kaltetzen dituen hezkuntza sistema atzerakoi, inposatu eta antipedagogikoaren aurrean elkarlanean babestuko ditugu”.
Sinadura bilketa
Udazkena ekimenez beteta datorrela gaineratu dute, eta gaurko agerraldia eta elkarretaratzearen ondoren, sinadura bilketa abiatuko du Lezoko Hezkuntza Bilguneak. Hori aurrera eramateko ezinbestekoa izango dutela guztien indarra eta saretzea gaineratu dute, “orriak astindu, norbanako sinadurak konpromiso kolektibo bihurtzeko. Guk hemendik, orain gure seme alabentzat eta ikasleentzat ere onena nahi dugu eta hezkuntza eragile aktibo bihurtu gara. Sinadura bilketa beraz, familia, irakasle, eta herritarrekin batera aurrera eramango dugun hurrengo ekimen herritarra izango da”.
Nazio mailako deialdia ere luzatu du gaurko agerraldian bilguneak. Azaro amaieran hezkuntza propioaren alde Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete lezoar guztiei, “gu ere parte aktibo garelako, joango gara”.