Nerea Ortega: "Jendeak eskertu du betikoa ez izatea"
Euskal Koloreen Gida kaleratu berri du diseinatzaile pasaitarrak
«Etxeetan gauza tradizional guztiak badauzkagu eta orain berrien bila hasi gara» «Gehien gustatzen zaidan bilduma da, ez delako figuratiboa. Sensitiboagoa da» «Euskaraz, diseinu grafikoaren alorrean hutsunea handia da; asko dago egiteko»Nola sortu zen ideia? Lehenengo artxiboa 2013koa da. Aspalditik nuen buruan. Guk museotako denden oso zaleak gara. Halako dendetan, batez ere atzerrian, jendeak asko pentsatzen du bisitariei saltzeko zer sortu, baina tipikoa izan gabe. Ni, ariketa bera egiten jarri nintzen, baina ez soilik atzerritarrekin pentsatuta. Euskaldunak oso bertakoak gara, eta denoi gustatzen zaigu hemengo gauzak edukitzea. Etxeetan gauza tradizional guztiak badauzkagu, eta orain berrien bila ari gara. Eta erosi, nork erosten du gehien, bertako jendeak ala bisitariek eta turistek? Bertako jendeak, ziur. Nik uste dut, gainera, horregatik dela. Jendeak eskertu du betikoa ez izatea; beste zer edo zer edukitzea erosteko, betikoa izan gabe. Koloreen bilduma handitzen joango da, edo itxita dago jada? Badauzkagu hurrengo hiru koloreak proiektuan. Bat txistorra izango dela jakina da, baina besteak sekretu dira oraindik… Proposamenik jaso al duzue? Jendeak asko parte hartzen du. Proposamen asko ematen dizkigute. Horrela gozamena da lan egitea. Eta bildumaren bertsio katalana egiteko asmorik bai? Ondo legoke, bai. Koloreena oihartzun gehien lortu duena da, baina ez da zuk sortutako bilduma bakarra. Sortutakoen artean zein duzu kuttunena? Oso zaila da esaten, baina orain, kuttunena, hau da. Gehien gustatzen zaidana da, oso desberdina delako, eta ez delako figuratiboa. Sensitiboagoa da, eta grafikoki bitxiagoa baldin bada ere, jende askoz gehiagorengana iristen da. Jendeak errazago ulertzen du koloreen bilduma, Kursaaleko ikono bat baino.
«Oso interesgarria da jendearekin elkar eragiteko aukera izatea» «Lehen hoteletarako eskaintzen genuena, orain publiko orokorrarentzat da» «Produkzio handiagoak sortzeko tailerra izango da San Pedrokoa»Ekitaldi zehatzetarako bildumak ere kaleratu izan dituzu? Askotan. Danborradarako bilduma, Zinemaldikoa, santomasetarakoa… estropadetarako bat egitea ere badago gure asmoen artean. Euskarak presentzia handia du zure sorkuntza gehienetan. Euskaraz diseinatutako pila bat gauza ditugu. Lamina apaingarriak, eta bestelako material guztia… Kanpoko jendeak hemen egindako gauzak eskatzen ditu, eta euskaraz, asko eramaten dituzte. Kaixo dioen lamina aleman batzuek eraman zuten etxera, bidaiaren azken egunean, dendatik pasatu, eta hitzak zer esan nahi zuen jakitean; Bazkaltzera New York-eko etxe baterako erosi zuten, izugarri gustatu zitzaielako… euskarak, diseinu pixka batekin, asko saltzen du. Hutsunea diseinu grafikoaren esparruan handia da, eta asko dago egiteko. Noizko hurrengo bilduma? Baduzu beste proiekturik esku artean? Bai, urtean bilduma bat ateratzea gustatzen zaigu, eta hurrengorako pare bat ideiarekin ari gara lanean. Erabakitzeko dugu zeinekin aurrera egin. Room278 Bartzelonan sortu zenuten, eta Donostiako denda Pasaiara bizitzera itzultzean zabaldu zenuten. Profesionalki zer moduz doa etxera itzulera? Bilakaera oso positiboa izan da. Oso interesgarria da jendearekin elkar eragiteko aukera izatea. Komunikazio horrek asko laguntzen du. Ordura arte nola egin izan duzue lan? Guk lan egin dugu beti paretak apaintzen. Hotelekin hasi ginen, hotelentzako proiektu pertsonalizatuak eskaintzen. Lan asko egin dugu atzerrian, eta baita Espainiako Estatuan ere. Lisboa, Paris, Valentzia… Orain, lehen hoteletarako eskaintzen genuen hori berbera, publiko orokorrarentzat eskaintzen hasi gara. Horrek ikaragarri zabaldu egin du zuen lan esparrua. Lehen hotelentzako egiten genituen guztiak bezero partikularrentzat egiten ditugu orain. Pertsonalizatu horiek guztiak objektu txikiagotan bihurtu ditugu. Laminak, elastikoak, mantalak, poltsak, ezkontzetarako gonbidapenak, oihaletan estanpazioak, edo seme-alaben marrazkiak katiluetan… Aurretik genituen makina guztiekin objektu horiek guztiak sortzen ditugu orain. Oparitarako bestelako objektuak ere saltzen ditugu, diseinu aldetik interesgarri iruditzen zaizkigunak. Atzerriko ferietara joaten gara, produktu gehienak kanpotik ekartzen ditugu. Zuek inprimatzen duzue, ezta? Bai, pareta oso batetik hasi, koadro txiki bat arte. Binilo itsaskorrak ere egiten ditugu, eta aluminioan, metakrilatoan, oihaletan, eta paper fotografikoan inprima dezakegu, baita erakusketetarako euskarri efimeroetan ere. Bartzelonan asko lan egin dugu museoetarako. Arte Ederretan lizentziatu zinen Bilbon, eta Bartzelonan espezializatu zinen barne diseinuan. Nola eman zenuen lan merkatura jauzia? Bartzelonan nengoela hotel kate bateko obra departamentuan lanean hasi nintzen. Hor hasi zen dena, hoteletako paretetan beti bazela zer zintzilikatu ohartu ginenean. Pixkanaka hasi ginen makineria erosten, produkzioa guk kontrolatzeko, eta orain, hori guztia, edozeinen etxe, lokal edo lantokira trasladatu dugu. Proiektu berriak ez zaizkizue falta. Laster San Pedron bertan kokatuko zarete. Zer egiteko asmoz? Gure asmoa da epe laburreanSan Pedron tailerra irekitzea, Donostian egiten dugun berdina egiteko, baina produkzio industrialago batekin. Donostiako dendan etxeko esparrua landuko dugu gehienbat, eta San Pedron, lanerako arropatik hasi, zein inguruko ekitaldietarako kamisetak eta bestelako materialak sortuko ditugu. Aurreratu dezakegu, oro har, produkzio handiagoak egiteko tailerra izango dela San Pedron zabalduko duguna.