Euskararen erabilera sustatu nahi dutela azaldu dute Lezoko Gazte Asanbladak eta Ernaik.
Txerrimuñon amaituko da pintxo poteoa eta bertan izango da kontzertua
Euskararen Eguna ospatu nahi dute, eta horren harira pintxo potea antolatu dute ostiralerako Lezoko Gazte Asanbladak eta Ernaik. 19:00etan abiatuko da euskarazko pintxo pote herrikoia, eta Lezotarra, Azkena, Orkidea, Urdaburu eta Txerrimuñotik pasako dira. Azken horretan kontzertu akustikoa izango da 21:30ean.
Ekintzaren bidez euskararen erabilera sustatu nahi dutela azaldu dute antolatzaileek. Antolaketa lanetan, berriz AEK eta tabernarien laguntza izan dute Ernaik eta LGAk. Pintxo potearen barruan potea hartzen duen bezeroak pegatina jasoko duela euskara batuan edo Lezoko hizkeran idatzitako hitz batekinere azaldu dute antolatzaileek: “Helburua da bakoitzak bere bikotea aurkitzea, aurkitzen duenak Txerrimuñon txupitoa musutruk izango du”. Pintxo poteoak irauten duen bitartean euskarazko musika izango da tabernetan.