Alderdi jeltzaleari hondakinen bilketaren gaian "arduragabe eta koherentziarik gabe" jokatzea leporatu dio PSE-EEko zinegotziak.
“Iruzurra egin die EAJk lezoarrei”. Jose Angel Sanchez PSE-EEko zinegotziak hala esan du gaur goizean egin duen agerraldian, eta alderdi jeltzaleari hondakinen bilketaren gaian “arduragabe eta koherentziarik gabe” jokatzea leporatu dio. Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du beste behin alderdi sozialistako kideak, “%60ko birziklatze tasa lortzea dagoelako harekin”.
Joan den ostegunean egindako osoko bilkuran hondakinen atez ateko bilketa urtebetez luzatzea onartu zuen plenoak EAJren eta EHBilduren zinegotzien aldeko botoekin. Erabaki horrekin atez atekoa kentzearen aldeko jarrera duten lezoarrei “atea mutur aurrean itxi diela” EAJk gaineratu du Sanchezek: “Maiatzeko hauteskundeen emaitzaren ostean, herritar askok ulkertu zuten atez atekoa 2015ean desagertuko zela, baina ez dakigu zergatik ez da hala izango”.
Kepa Garbizu alkateari galdera ere luzatu dio Sanchezek: “Zergatik mantendu nahi du alkateak Lezoko herritar gehienek onartzen ez duten eta Garbizuk berak garestia eta zikina dela onartu duen sistema. Zergatik ez du atez ateoak suposatzen duen gainkostoa inbertsioetara edota politika sozialetara bideratzen?”.
Garbiketa kontratuaren luzapena
Udalak egun duen garbiketa kontratua hilabete honetan amaituko dela eta horrek aldaketa egiteko “aukera paregabea” ematen bazuen ere alderdi jeltzaleak ez duela aukera baliatu salatu du bestalde PSE-EEko zinegotziak, eta uretebetez luzatu duela egungo kontratua: “Denbora izan dute eta zerbitzu teknikoak prest zeuden aldaketak egiteko, baina alderdi jeltzalearen erabaki poloitikoa izan da, eta gaia konpontzeko gogo falta”. EAJren sinisgarritasun falta agerian utzi duela erabakiak ere esan du Sanchezek.
Galdeketaz ere mintzatu da. PSE-EEk ez duela beharrezkoa ikusten nabarmendu du batetik, “hauteskundeetako emaitzek galdeketaren erantzuna erakutsi zutelako”, baina EAJk ez kontsulta eta ezta 5. edukiontzia ere ez dituela jarri gaineratu du: “Bergara eta Eskoriatzan egin berri dira galdeketak, eta urtea amaitu aurretik egingo dituzte Legazpia, Astigarraga, Villabona, eta Aretxabaletan. Bien bitartean Lezon ezertxo ere ez da egiten ari EAJ. Noiz egingo du koontsulta? Zer galdetuko du? Inorrek ez daki, ezta beraiek ere”.
Eskaera zehatza ere egin du PSE-EEko Lezoko Udaleko zinegotziak. Hartutako erabakia berriz ere aztertzeko eskatu dio EAJri eta 5. edukiontzia berehala ezarri edo galdeketa 2016ko urtarrilean egitea beranduenez, “galdeketa horretan bizilagunek hartzen duten erabakia bi hilabeteko epean betetzeko eskatzen dugu gainera, PSE-EEren laguntza izango du gainera, bide horretan”. Garbiketa kontratu berria esleitzea ere eskatu du Sanchezek, eta atez ateko bilketaren kontra sinatu zuten herritarrei egin die eskaera azkenik, “erabaki honek sorrarazi dien haserrea alkateari helaraztea eskatu nahi diet, eta bien bitartean egungo hondakinen bilketa behar bezala betetzen jarrai dezaten. PSE-EE 5. edukiontziaren aldeko jarrera mantentzen jarraituko du, txipduna, boluntarioa eta erabiltzen duten herritar guztientzat onura fiskalak izango dituena”.