Kaiko Herreraren ikuspegi orokorra.
Udaleko Aholku Batzordeak bilera egingo du bihar, Portuko Plan Berezia azaltzeko. 19:30ean da bilera, Arizabalon. Bileraren atarian komunikatua plazaratu du Herrera Herrirak, Udalak eta Portu Agintaritzak kontu honetan jokatzen ari diren papera gogor gaitzetsiz. Plataformaren ustez, “herritarrei iseka” ari dira Portu Agintaritza eta Udal Gobernu Taldea eta “begirune falta” egotzi die bi erakundeei.
Aurrez erabakita dutena herritarrei aurkeztuta beren benetako asmoa ezkutatu beste asmorik ez dutela uste du Herrera Herrirak, eta kaiko Herrera herriaren biziberritzerako funtsezko eremua dela berretsi dute beste behin, herritarrek eremurako landutako ordenazio proposamena indarrean jarraitzen duela aldarrikatuz.
Herrira Herriraren ustez, Portuko Plan Bereziak “kaiko Herrera behin betiko kolonizatu” nahi du, “gutxi batzuen onura ekonomikoaren alde, eta Herreraren inguruan bizi diren 40.000 biztanleren kalterako”.
Herrerako lurrak libratu gabe, herri plataformak ezinezkoa iritzi dio herriko biziberritze integralari. Aitzitik, Portuko Plan Bereziarekin, inguruan “biltegiz betetako plataforma” atondu beste asmorik ez dutela iritzi diote.