Udalaren debekua salatu dute

Hamarnaka lagunek salatu dute Antxoko gaztetxean jasotako debeku agindua. Ohiko jarduerekin jarraituko dute, baina hitz egiteko prest agertu dira.

Antxoko gaztetxeak jasotako debeku agindua salatu dute hamarnaka lagunek Gure Zumardian.

Antxoko gaztetxeak jasotako debeku agindua salatu dute hamarnaka lagunek Gure Zumardian.

Hamarnaka lagun bildu dira gaur eguerdian Gure Zumardian atzo Antxoko gaztetxean jasotako debeku agindua salatzeko. Gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, bi udaltzain agertu ziren esanez ezin zutela ez irrati, musika, pelikula eta antzekoak jarri, eta hain zuzen, atzo, Euskararen Eguna zela eta, Loreak filma proiektatzekoak ziren. Bertan behera utzi zuten. Udaltzainek jakinarazpen bat aurkeztu zieten, baina gaztetxean ez zeukaten horren berririk. Izan ere, gaztetxean ibiltzen den gazte bati etxera bidali zioten, baina gaur arte ez du jaso. Hasteko, gazte horri jakinarazpena etxera bidaltzea “gaizki” iruditu zaie, gaztetxeak ordezkaririk ez duela iritzita. Jakinarazpen horretan, ondoko bizilagunek aurkeztutako salaketak agertzen dira, batik bat soinua dela eta. Salaketa horien harira, gaztetxearen jarduerak behin-behinean debekatzeko agindua eman du udalak. Salaketok egun puntualetan izan direla esan dute; esate baterako, San Fermin Txikian. Kexen harira, gaztetxea normalean igandetan irekitzen dutela esan dute, eta ez dela jende askorik ibiltzen. Edonola ere, ohiko jarduerarekin jarraituko duela esan dute gaztetxeko kideek, eta udala nahiz bizilagunekin hitz egiteko prest agertu dira. “Ez dugu uste ezer txarrik egiten ari garenik. Herriari zerbait eskaintzen ari gara”. Horrez gain, herritarrei eskatu die gai honen harira, proposamenik badaukate horiek jakinarazteko. Hain zuzen, bihar asanblada egingo dute 17:00etan gaztetxean.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.