Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren hirugarren ekitaldia igandean jokatuko da. Izen handiak, bertakoak eta kanpokoak, izango dira partaideen artean.
Iazko proban, lasterkari bat helmugara iristen
Igandean, eta 350 dortsalak urtarrilaren 1ean jendaurrera atera eta berehala agortuta, jokatuko da Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketaren hirugarren ekitaldia. Hasi aurretik, arrakasta. 10:00etan hasiko da proba nagusia Gurutze Santuaren plazan, eta mendiko lasterketen izen handiak egongo dira irteera lerroan: Amaia Lukin, Alicia Olazabal, Uxune Tena eta Lurdes Oiartzabal, esaterako, emakumeetan; eta Iker Oliveri (aurreko bi edizioetako irabazlea), Joxe Amunarriz, Mikel Albeniz, Iñaki Catalan edo Raul Artola gizonezkoetan. Horietatik gehienak Oarso Bidasokoak dira.
14,2 kilometroko bidea izango du probak, 1.200 metroko desnibel metatuarekin (punturik altuena 543 metroan, Allerru gainean). Azken egunetako eguraldi eskasagatik, litekeena da zirkuitua lokaztuta egotea: hori partaideentzako kalterako izan daiteke, baina ikusleentzako, ikusgarria. Zatirik latzena hasierako 7 kilometroak dira, ondoren, apurka beherantz, helmugarantz (Gurutze Santuaren plazan dago ere) joango direlako kirolariak. Proban zehar 4 anoa postu jarriko dituzte antolatzaileek, horietako batean jaki solidoak izango direla.
Berritasunik badu, gainera, aurtengoak: gazteen lasterketa. 7 kilometrokoa izango da, 15-18 adin tartekoentzat, horren helburua izanik gazteen artean ere mendiko lasterketen zaletasuna bultzatzea. 15 gaztek dute izena emanda jada.
Eta noski, aurten ere elkartasun keinua egingo dute proban: haurren lasterketetako izen emate bakoitzeko euro bat Juneren Hegoak elkarteari emango zaizkio, elkarte horrek Delecion 1p36 gaixotasunari aurre egiteko lanean ari direnei bideratzeko. Haurren lasterketa horiek bost izango dira: 0-2 adin tartekoena, 3-5ekoena, 6-8koena, 9-12koena eta 12-15koena. 10:15ean hasiko dira lasterketa horiek (izen ematea 09:30etik 10:00etara plazan).
Beste datuak
Proba handia da Lezo-Jaizkibel. Antolatzaileek dena mimoz prestatu dute. Jarraian, igandeko hainbat datu eta ordutegi interesgarri:
- Dortsalen banaketa: 08:30etatik aurrera.
- Sarien banaketa: 12:00etan.
- Parte hartzaileak: 350. %90 gipuzkoarrak dira. Horien artean 29 lezoar, 53 errenteriar, 66 irundar eta 66 hondarribiar.
- Haurren lasterketak: bost dira eta 10:15ean hasiko dira.
- Boluntarioak: 100.
Ondorengoak, iazko edizioko hainbat argazki dira: