Uztailean bina asteko bi udaleku txanda egingo dituzte, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Larunbatean lore landaketa tailerra egingo du Abaraxkak.
Iazko udalekuak
Abaraxka ludotekak eta Oiartzungo Udalak, aurtengo udan ere, udaleku irekiak antolatu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Bi txandatan egingo dituzte. Lehenengoa uztailaren 4tik 15era izango da, eta bigarren hil horren 18tik 29ra. Izena emateko epea hil honen 18an hasiko da, eta 29an bukatuko. Egun horretatik kanpo izen ematerik onartuko ez dutela ohartarazi dute. Atez ateko bulegotik (Mendiburu kalea, 5) pasatu beharko dute haurren gurasoek, 08:30etik 12:30era eta 14:30etik 18:30era.
Gizarte segurantza txartela, ordainagiria eta izen emate orria entregatu behar dituzte. Haurrek oiartzuarrak izan behar dute, edo bertako ikastetxe batean ikasi. Laboral Kutxan sartu beharko da dirua, honako kontu korrontean: ES66-3035 0126 64 1260048216 (*Ikus prezioak albistearen bukaerako taulan). Udalekuetara joango diren haurrek bilera izango dute ekainaren 20an, 17:00etan, kiroldegian. Gurasoek, berriz, ekainaren 22an izango dute, 17:30ean, pleno aretoan.
Haurrentzako ekitaldiak
Udara alde batera utzita, udaberriaren etorrera ospatuko du Abaraxkak, larunbat arratsaldean. 17:00etan ludotekan elkartuko dira, lore landaketa tailerra egiteko.
Bestalde, datorren asteazkenean, Lur Korta ipuin kontalariak 2 eta 3 urteko haurrentzako ipuinak kontatuko ditu Manuel Lekuona Bibliotekako beheko solairuan. Saioa 17:30ean hasiko da.
*Udalekuetako prezioak
- Bi aste: Normala, 36 euro; normala gehi autobusa, 49; hiru ume matrikulatuz gero, 27,25 bakoitzak; hiru ume gehi autobusa, 37 euro bakoitzak.
- Lau aste: Normala, 72 euro; normala gehi autobusa, 98; hiru ume matrikulatuz gero, 54,50 bakoitzak; hiru ume gehi autobusa, 74 euro bakoitzak.
E-posta bidez jarri daiteke kontaktuan, baita 685 32 30 40 telefono zenbakira deituta.