Pasaiako Udalak Antxoko gaztetxea itxi du, baina gazte asanbladak lanean jarraituko duela adierazi du.
Belaunaldi ezberdinetako herritarrek aldarrikatu zuten gaztetxe baten beharra
Pasaiako Udalak
Antxoko gaztetxea ixteko dekretua sinatu eta gero, 30 urteren ondoren agurra eman zitzaion Antxoko gaztetxea izandakoari larunbatean. Gaztetxe zaharrari agurra eta gaztetxe berri baten eskaera aldarrikatu ziren
larunbateko manifestazioan. “Hasieran nahiko urduri geunden, ez genekielako jende asko agertuko zen, gutxi…” kontatu du Lierni Hernandez Oiarbidek, gazte asanbladako kideak. “Baina azkenean jende dexente hurbildu zen, herriko belaunaldi ezberdinetako jendea. Kortxoeneako jendea ere etorri zen eta oreretarrek elkartasun pankarta bat egin eta argazkia bidali ziguten”.
Hamarnaka herritar bildu ziren larunbateko manifestazioan
Atzo izan zen gaztetxea itxi denetik egindako lehenengo asanblada, “antxotar baten lokalean egin behar izan genuen” dio Hernandezek, “ez geneukalako beste lekurik”. Gaztetxea itxi eta barruan zeuden gauza baliagarri guztiak gordetzeko leku fisiko bakarra ez zegoenez, “herriko eragile eta norbanakoen lokal ezberdinetan” sakabanatuta daude orain “ateak, leihoak, bafleak, fokoak…”. Eta guzti horrekin zer egin hausnartzen aritu ziren atzokoan.
Herriko jaiei begira Antxoko Topagunearekin elkarlanean arituko direla kontatu du Hernandezek eta “gure eguna, gazte eguna, antolatuko dugu baita ere”. Gaztetxea itxi duten arren, “argi dagoena da asanbladak lanean jarraituko duela”.
Gaztetxea izandako paretak txuriz margotu eta aldarrikapen mezuz bete zituzten herritarrek
Gaztetxea ixteko bidea hasi zenean, “ideia pila genituen egiteko, motibatuta ginen” gogoratu du Hernandezek eta “justu abenduan lehenengo ekintza antolatuta zegoenean,
arazoak jartzen hasi ziren”. Orain ere “ideia dexente dauzkagu, baina ideia guztiak ordenatzea eta norabidea ematea falta zaigu”. Beraz, biltzeko eta pentsatutako ekintza guzti horiek aurrera eramateko, bere esanetan lokal bat behar dute.
Jasotako elkartasunagatik eta gauzak gordetzeko lokalak uzteagatik “eskerrak eman nahi dizkiogu herriko eragile eta norbanakoei”. Bestalde, “jaiei begira edo herrian zerbait antolatu nahi duen edonori” deialdia luzatu dio Antxoko gazte asanbladak bileretan parte hartzeko.