[Galeria eta bideoa] Zerua ukitu du 'Pescaus'-ek

Pescados Ferreres Anaiak Antxoko areto futboleko taldeak Euskal Ligara igotzea lortu du, Gipuzkoako Lehen Mailako finala irabazita. Pescaus taldearen zaleek ederki asko ospatu dute garaipena.

pescados.orokorra

Jokalariak eta zaleak, garaipena ospatzen

Festa handia Antxon. Pescados Ferreres Anaiak areto futboleko taldeak lortu du Euskal Ligan jokatzeko eskubidea, Lasarte-Oriako Ventanas ISU Leihoak taldeari irabazita. Larunbatean, Gipuzkoako Lehen Mailako finala jokatu zuen Aretxabaletako kiroldegian. Partidaren arauzko denbora 3-3 bukatuta, penaltietara erabaki zen lehia: 3-2 irabazi zuten txanda antxotarrek, eta kopa, etxera. Partida latza izan zen. 1-0 aurreratu ziren antxotarrak, baina lasartearrek jakin zuten lasai mantentzen, jokoan intentsitate osoa jartzen, zuri-gorrien ahulguneak ezagutu eta horietan sakontzen. Horregatik atsedenaldia baino lehen 2-1 aurreratu ziren ISUkoak. Antxotarrak deseroso sentitu ziren kantxan. Bigarren zatiaren hasieran, albiste txarrak berriz ere. 3-1 jarri ziren aurretik kontrarioak. Finala zail, oso zail jarri zen Pescaus-entzat. Baina talde antxotarrak zerbait badu, kalitateaz gain, kasta da. Eta finaletan kalitatea atera ezin bada, beste horri eutsi behar zaio. Eta horrela lortu zuten  arauzko denboran —defentsan arriskuak hartuz, adibidez, minutu askoz atezaina kendu eta horren ordez beste jokalari bat jarriz— markagailua berdintzea. Eskerrak. 60 minutuak bukatuta, 3-3, eta penaltiak: loteria Antxon tokatu zen, penaltietan 3-2 irabazita. Hortik aurrera, ospakizun eta festa betea Aretxabaletako kiroldegian. Izan ere, festa horren partaide zale pasaitarrak ere izan ziren. Bi autobus, eta hainbat kotxe zuri-gorriz beteta joan ziren Aretxabaletaraino, haur, heldu eta adineko. Harmailak animoz, ilusioz eta oihuz bete zituzten. Koparen zati bat zaleena izan zen ere. Behin  Antxora iritsita, Antxoberfest-en ederki asko ospatu zuten garaipena denek, jokalari, taldeko arduradun, eta zaleek. Orain Euskal Liga. Erronka latza da 2012an sortu zen taldearentzat. Ikusi beharko nola aurre egingo dioten sasoi berriari. Ondokoak larunbateko bideoa (jokalarien kantxarako sarrerarena, 3-3ko golarena, eta Antxoko ospakizunarena) nahiz eguneko argazki galeria dira.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.