Arkaitz Erice kirolariak egun osoa emango du lasterka, Oarsoaldetik, Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteen alde 11 haurren alde, datorren ostiralean.
[Isabel Mancebo Balda]
160 bat kilometro egin nahi ditu, Oarsoaldean zehar. Lasterka. Eta 24 ordutan. Ez da erronka makala Arkaitz Kalu Ericek egin nahi duena. Ezin bidezkoagoa da arrazoia: gaixotasun arraroak dituzten haurren egoerari oihartzuna eman nahi die, eta ahal duen moduan lagundu.
Ez da horrelako balentria bat lasterka egiteko oinetakoak jantziko dituen lehen aldia izango:?iaz, Iban Angulo eta Josu Anduezarekin batera ehun kilometro egin zituen. Markel Merino garun paralisia duen Lezoko gazteari laguntzeko egin zuten:?”%80ko elbarritasuna dauka Markelek, eta bere gurasoak ezagutzen ditudanez, pentsatu nuen zerbait egin behar nuela. Ni ere aita naiz, eta horrelako gauzak gehiago sentitzen dituzu”. Asetuta utzi zuen iazko esperientziak: Markelentzako urte eta erdiko tratamendua ordaintzeko adina diru bildu zuten.
“Esfortzu pixka bat eginda gauza politak lor daitezkeela ikusi genuen”, esan du Ericek, “eta ez nuen han geratu nahi. Laguntzen jarraitzeko gogoa nuen, eta erronka hau egitea otu zitzaidan. Kilometroak beharrean, denbora epea jartzea pentsatu nuen”.
Aurten ez ditu iazko bidelagunak errepikatuko, beste konpromiso batzuk baitituzte. Iaz ez bezala, Errenteria-Oreretatik hasiko du erronka, Xabier Olaskoaga plazatik, Juneren Hegoak elkarteak egoitza bertan duelako. Gaur zortzi izango da, 19:00etatik aurrera. Ordu laurden lehenago bertan biltzen direnei erronkari buruzko azalpenak emango dizkiela iragarri du lasterkariak.
Ez da bakarrik ibiliko
Errenteria-Oreretako beheko kaleetatik buelta bat emango du Ericek —2,5 kilometro inguru—. Handik Oiartzunera, ondoren Donibanera, gero Antxora eta gero buelta eta buelta —guztira sei— ariko da Erice, 25 kilometroko zirkuituan. “Ahal den guztietan bidegorritik joango naiz”, esan du, “baina dena asfalto gainean egingo dut. 25 kilometroko ibilbidea izango da, eta agian, norabidea aldatzen joango naiz, burua freskoago mantentzeko”.
Ibilbidean zehar animoak emateko hainbat ekitaldi prestatu dituztela jakinarazi du Ericek. Esaterako, Antxon, 22:00etarako ekitalditxo bat antolatu dute, eta ibilbidea aldatzen joango da, behar izanez gero, ordurako iristeko.
You’ll never walk alone (Sekula ez zara bakarrik ibiliko) jartzen du Ericeren ezkerreko besoan. Eta hilaren 27aren eta 28aren artean hala izango da. Lezokuak Txirrindulari Taldekoek momentuoro lagunduko dute Erice bere ibilbidean, txandaka. Ez dira bakarrak izango: OarsoTri, Ogi Berri Azkuene eta beste hainbat talderen babesa jasoko du atleta lezoarrak.
Iaz lasterketaren ondoren egin zuten Lezoko Bekoerrota kiroldegian jaia, baina aurten 24 ordu horien barruan egingo dutela adierazi du. 10:30ean hasiko da festa. “Espero dut momentu horretan hor egotea”, esan du Ericek. Adin eta mota guztietako pertsonei zuzendutako ekitaldi ugari antolatu dituzte 19:00ak arte. Jana eta edana egongo da, eta Ericeren Zumaiako bi lagunek 600 lagunentzako paella erraldoia prestatuko dute. Bekoerrotan jasotako dirua elkarteari bideratuko diotela jakinarazi du. Horrez gain, kamisetak jarriko dituzte salgai, eta kontu korronteak ireki dituzte, Juneren Hegoak-i laguntzeko.
Psikologikoki ongi
Ultra trailetan aritzen da Erice. “Mundu guztia bezala”, gogorarazi du, “kilometroz kilometro hasi nintzen. Gero mundu honetan sartu nintzen, eta harrapatu egin ninduen”. Denbora gutxian emozio ugari bizitzen direla ziurtatu du: “Espazio laburrean, bizitza oso bat bezalakoa da: negar egiten duzu, barre, sentimendu asko daude”. Jende askok galdetzen dio ea zergatik egingo duen erronka hori. Gustuko eta laguntzeko beharra duelako, erantzuten die.
Azken lau urteetan mendi lasterketak lehiatu ditu, baina iaztik entrenatzeko zailtasun handiagoak ditu, lana aldatu baitu. Gainera, bere semeei eskaintzen dien denboratik ez du ordurik kendu nahi. “Ordu arraroetan egiten ditut entrenamenduak, baina ongi etorriko zait erronkari aurre egiteko”, baietsi du.
Lezoko prestatzaile fisiko bat hartu du, psikologikoki ongi iritsiko da. Fisikoki, berriz, zalantza gehiago ditu. “Hala ere”, esan du, “jasoko dudan babesak eta hainbeste emozio egoteak lagunduko nau. Ez da niretzako ohiko lasterketa bat, zerbaiten aldekoa baizik”. Gogorrena, orain arte, elikadura aldaketa izan dela adierazi du, umoretsu.
Badaki erronka gogorra izango dela, ez duelako sekula hainbeste denbora korrika egin: “Bukatzen saiatuko naiz: korrika ez bada, oinez, etzanda edo ahal dudan moduan. Baina nire burua gai ikusten ez badut, gelditu egingo naiz”. Gogo biziz dago, bidezko kausa baten alde egingo duelako. Azken finean, hori da garrantzitsuena.
EGITARAUA
Hilak 27, Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan
- 18:45: Ekitaldiaren aurkezpena eta txupinazoa.
- 19:00: Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteen aldeko 24 ordu martxan ekitaldiaren hasiera.
- 19:00-20:00: Pintxopotea erdiguneko hainbat tabernatan, 24 ordu martxan erronkaren hasierarekin batera.
- Ondoren, Lezotik igaroko den lehenengo bueltarekin batera, 20:30-21.00ak aldera, Erice laguntzeko deialdia egingo da Lezoko Gurutze Santuaren plazan.
Hilak 28, Lezoko Bekoerrota kiroldegian
- 10:30: Jaixkipe txarangarekin batera kalejira.
- 11:30-13:30: Sarreren salmenta eta haurrentzako jokoen hasiera.
- 11:30-13.00: Haurrentzako jokoak (puzgarriak, aurpegien margotzea, Jaizubia poniak, errokodromoa eta magia jokuak) kiroldegiko pistan.
- 12:00: Ekitaldiaren aurkezpena Jaixkipe txarangak alaiturik, kiroldegiko frontoian.
- 15-13.00: “Kexarik gabeko mundua” hitzaldia– Juan Jose Lertxundi, kiroldegiko frontoian.
- 13:00-14.00: Elektrotxufla kiroldegiko frontoian.
- 14:00-16.00: Olga Grandek (LOS40 irratikoa) animatutako paella jate herrikoia kiroldegiko frontoian.
- 15.30-18.00: Haurrentzako jokoetarako sarrera salmenta kiroldegiko pistan.
- 16:00-18.00: Haurrentzako jokoekin.
- 1600-18.00: Lezoko dantzarien eta abesbatzen emanaldiak (Lezoko Sutargi Abesbatza eta San Pedroko Ondartxo) kiroldegiko frontoian.
- 18:00-20.00: Olga Grandek (LOS40 irratikoa) animatutako pintxopotea kiroldegiko frontoian.
- 19:00: Dantzariek eta bertsolariek alaitutako 24 ordu martxan erronkaren amaiera ekitaldia.