EH Bilduk mozioa aurkeztu du, Zubietako instalazioa atzera bota dezaten eskatuz. EAJk kontrako botoa eman du.
Gobernu aretoan egin zuten maiatzeko ohiko plenoa.
Atzo arratsean bildu zen Oiartzungo Udalbatza, ohiko plenoan. Hamalau puntuko gai zerrenda zuten aztergai. Puntu mamitsuena EH Bilduk aurkeztutako mozioa izan zen. Zubietan eraiki nahi duten errauste planta zuen hizpide. Izan ere,
Usurbilgo alkate Xabier Arregik gutun bana bidali die Gipuzkoako udalei.
Bost eskaera zituen mozioak. Lehena, Usurbilgo alkatearen idazkiarekin bat egitea. Bigarrena, hondakinak kudeatzeko errauste planta baino alternatiba hobeak badaudela baieztatzen duena. Hurrengoa eskaeran, gaikako bilketa “eraginkorra” egiten dutenei aitortza egitea. Laugarrenak, berriz, hondakinen murriztea, birziklapena eta berrerabilpena bultzatzen jarraitzea. Azkenik, aldundiari eskatu diote errauste plantarik ez egiteko.
Eneritz Arbelaitz alkateordeak mozioaren arrazoiak xehatzeko garaian azaldu zuenez, Gipuzkoan bada mugimendu indartsu bat errauste plantarik nahi ez duena. “Errauste plantarik ez egiteko ahalik eta urrats gehien eman behar dira, eta horretarako k bide egokiena gero eta hondakin gutxiago sortzea da”, gaineratu zuen.
EAJk kontrako botoa eman zuen. EH Bilduk aurreko agintaldian hondakinak kudeatzeko politika kritikatzeaz gain, “hautesleen gaitzespena” jaso zuela ziurtatu zuen Rafael Bergaretxe bozeramaileak. Horrela, birziklatu ondoren geratzen den errefusarentzako “alternatibarik onena” erraustea dela uste dute jeltzaleek, eta ildo horretan, ezin diotela aldundiari Zubietako instalazioaren eraikuntzan atzera egiteko eskatu.
Oiartzun Ke?: “Badago alternatiba”
Oiartzun Ke? errauste plantaren aurkako taldekoak ere hurbildu ziren udaletxeko gobernu gelara —areto nagusia okupatuta zegoen—. Kepa Olaizek gogorarazi zuenez, orain dela urte batzuk ekologistek etorkizuna berrerabilpena, murrizketa eta birziklatzea zela ziotenean, “utopiko” deitzen zieten. “Orain mundu guztiak, bere erara, esaten du hori egin behar dela”, zehaztu zuen. Bere esanetan, Gipuzkoan erakutsi da errauste plantari badaudela alternatibak.
Zubietako instalazioak osasunari zein ekonomiari “kalte” egiten diola nabarmendu zuen Olaizek: “35 urtetan, 30 milioi euro ordaindu beharko dira urtero. Enpresa pribatu bati, gainera”. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin zuen, ahalik eta erabiliko ez diren hondakin gutxien sortzen duena, alegia.
Gainontzeko puntuak (ikus zerrenda
estekan) prozedura administratiboak izan ziren. Hurbildu ziren zinegotziek —EH Bilduko zazpi eta EAJko lauak— aho batez onartu zituzten puntu guztiak.