Ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute udaletxeko areto nagusian.
Etzi arratsean Helduen Tailerretako (HELTA) gitarra taldeak emanaldia eskainiko du. Udaletxeko areto nagusian izango da, 20:00etatik aurrera.
Gaur aurkeztu dute ekitaldia, Joxe Leon Kazabon HELTAko gitarra tailerreko irakasleak eta Josune Cousillas kultura zinegotziak. Orain dela hamasei urte hasi ziren tailer horrekin, eta beste hainbeste emanaldi egin dituzte ikasturtea bukatzean. Aurtengo ikasturtean 50 ikasle aritu dira gitarra ikasten, eta horietatik hogeik hartuko dute parte ostiraleko saioan.
Joxe Leon Kazabon eta Josune Cousillas, gaurko aurkezpenean.
Banaka, binaka edo hirunaka abestuko dituzte Mikel Urdangarin, Ken Zazpi edo Xabier Leteren abestiak, eta bukaeran taldean ariko dira. Hamar abesti joko dituzte orduan, eta abesti horien letrak entzuleen artean banatuko dituzte, animatuz gero kantatu dezaten.
Honakoak izango dira denek batera joko dituzten abestiak:
Izotz ondoko eguzki (Xabier Lete);
Irtenbiderik ez zen (Anjel Duhalde);
Hemengo ta denetako (Anje Duhalde);
Lurra (Mixel Ducau);
Iluntzean (Maixa eta Ixiar);
Aita-semeak (Oskorri);
Inshala (Alaitz eta Maider);
Mendian gora (Imanol);
Sorterriko koplak (Mikel Laboa) eta
Gogoaren baitan (Anje Duhalde).
HELTAren lanari aitortza
Josune Cousillas kultura zinegotziak herritarrak gonbidatu ditu ostiraleko kontzertura joan daitezen. Horrez gain, HELTAren lanari aitortza egin dio zinegotziak, helduei formazioa eskaintzen baitiete, baita osasun arloko edo kulturako eskaintzak egin ere.