Datorren igandean hasiko da txapelketa. Urtetik urtera bikote gehiago aritzen dira Eskuzko Pasaka modalitatean.
Iazko finalistak, Iturriotzeko pilotalekuan.
Urtetik urtera indar handiagoa hartzen ari den Eskuzko Pasakako Txapelketaren bosgarren ekitaldia datorren igandean hasiko da. Txostek antolatzen duen joko zuzeneko lehiaketan 55 bikotek hartuko dute parte. Lehenengo eta bigarren ekitaldian baino 43 bikote gehiago dira, eta iazkoan baino hamahiru gehiago. Txost taldearen arabera, eskuzko pasaka “etorkizun handiko modalitatea” izan daiteke.
Aurtengo berritasunei dagokienez, maila berri bat izango du txapelketak. Gaztetxoak, neska zein mutilak, ariko dira bertan. Guztira, lau maila izango dira: gaztetxoena eta gazteena (hamabina bikote), emakumeena (bederatzi bikote), gizonen maila herrikoia (hamalau bikote) eta Gipuzkoako Txapelketa (zortzi bikote).
Azken maila horretan, Txost taldeko Nazabal eta Zabalak iaz lortutako txapela berriro jantzi nahi dute. Hala ere, maila handiko pilotariei egin beharko diete aurre.
Partidak, ohi bezala, Iturriotzen eta Kontzejupean jokatuko dituzte, igandeetan, 09:30etik aurrera. Honakoa izango egutegia:
- Iturriotzen: Ekainaren 5ean eta 12an. Finalak, uztailaren 29an, 16:30ean.
- Kontzejupean: Ekainaren 19an eta 26; eta uztailaren 3, 10ean eta 17an. Gipuzkoako Txapelketaren Finala, abuztuaren 3an, 13:00etan.