Atlantikaldiaren 3. aldia irailaren 22tik 25era egingo dute. Chambao, Tosta Banda, Kepa Junkera eta Sorginak eta Chet Nuneta izango dira besteak beste.
Mendoza, Landa eta Otaegi Atlantikaldiaren aurkezpenean
Atlantikaldiak kultur topagune eta musika jaialdia bihurtuko du Errenteria-Orereta hirugarrenez. Gaur aurkeztu dute, irailaren 22tik 25era ospatuko den jaialdiaren hirugarren aldia Julen Mendoza alkateak, Laura Landa jaialdiaren zuzendaria eta kultura teknikariak, eta Imanol Otaegi DSS2016ko enbaxada ibiltariaren arduradunak.
Autengo edizioan parte hartuko duten taldeetako batzuk aurreratu dituzte gaurko agerraldian. Chambao, Tosta Banda, Kepa Junkera eta Sorginak eta Chet Nuneta izango dira beste askoren artean kartelean. Agirre Lehendakariaren plazan jarriko duten eszenatoki handian izango dira laurak. Beste taldeak eta bakarlariak lotu ahala jakinarazten joango direla esan du Landak Atlantikaldiaren webgunearen bidez eta sare sozialetan.
Aniztasuna izango du ardatz Atlantikaldiaren aurtengo edizioak, eta antolatuko dituzten jarduera guztiek izango dute anitzetik zerbait: hizkuntza, jatorria, estiloa, nahasketa, adina, eskaintza… Horren harira herriaren aniztasuna nabarmendu du Mendozak, “80 komunitatek osatzen dute udalerriko bizitza, eta Errenterian bizi den kultura eta hizkuntza aniztasuna Atlantikaldia aberasteko baliatu behar da, jaialdiari nortasuna eman eta ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzeko”. Atlantikoko beste herriekin harremanak eta sinergiak bideratzen jarraitu nahi dutela gaineratu du Mendozak, “beste kultura eta hizkuntzekin eraikitakozubiak mantenduz eta zabalduz”.
Jaialdia egonkortzea, helburu
Edizio hau “jaialdia egonkortzeko” asmotan datorrela gaineratu du, “urrats bat gehiago ematera. Aurreko bi edizioek Errenteria Atlantikoan kokatzeko balio izan digute, hirugarren ediziotik aurrera, mundu osora zabaltzeko asmoa daukagu; gure kultura mundura zabaltzeko leihoa eta munduko beste kulturak gurera sartzeko atea izatea nahi dugu Atlantikaldia”. Parte hartzeari erraparatu dio azkenik alkateak, “herritarrek eta herritarrekin egina nahi dugu”. Horrekin batera elkarbizitza sustatzeko, elkarlanari bidea zabaltzeko, eta elkarrizketa sustatzeko tresna izango dela Atlantikaldia gaineratu du Mendozak.
Jaialdiak hiru oin izango ditu Landaren esanetan: herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraituko du Atlantikaldiak, “herritarrek ematen diote nortasuna jaialdiari”. Horren harira, eragile eta norbanakoen proposamenak jasotzeko epea zabaldu zuten antolatzaileek, eta hilabetean 100dik gora proposamen jaso dituztela esan du, “dibertsitatearen ingurukoak dira gehienak, gastronomia, dantza, musika, tailerrak… denetarik dago”. Orain banan bana aztertuko dituzte eta bideragarriak direnekin osatuko dute hirugarren edizioaren egitaraua. Landak eragileek izan duten inplikazioa eskertu eta txalotu du.
Musika izango da bigarren oina, eta kalitatea eta aniztasuna bermatuko dituela jaialdiak esan du arlo horretan. Hirugarren oina Tostak jarriko du, Donostia 2016ren enbaxada ibiltariak. Apirilean Pasaian hasi zuen bidea, eta Atlantikoko sei hizkuntza komunitate gutxitu bisitatu ondoren Errenterian amaituko du itsas bidaia. Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia eta Galizia bisitatu ditu Tostak.
Tostaren gaineko xehetasunak Otaegik eman ditu. Europan arte sorkuntza sustatzea, hizkuntz eta kultur aniztasuna ospatzea eta komunitate gutxituen arteko trukea bultzatzea direla helburuak esan du. “Tostaren egitarauaren barruan, kultur truketik sortutako artelanak aurkeztuko dira, eta publiko mota askotarikoei zuzendutako jarduera parte hartzaileak programatuko dira”. Tostaren egitarauaren barruan Tosta Bandaren emanaldia izango da nagusia. Musika talde horretan, tosta komunitatea osatzen duten komunitate guztietako musikariek hartzen dute parte.
Aurkezpena amaitzeko emanaldia egin du Sophie Stephenson musikari eta dantzari eskoziarrak. Mendozak berak, oholtzara igo, eta dantza egin du berekin. Stephenson Tosta egitasmoaren barruan egonaldia egiten ari da Errenterian.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.