Geltokia bera eta geltokiaren sarrera aspaldidanik utzita daudela salatu du alkateak.
Antxon, tren geltokiaren sarreran, baranda aspalditik dago puskatuta.
Pasaiako Udala salatu duenez “aspaldidanik antzematen da bai Antxoko Renfeko geltokia eta bai geltokiaren sarrera utzita daudela, eta ez dela inolako mantentze-lanik egiten”. Bereziki, geltokirako sarbidean dagoen baranda eta eskailerak oso egoera txarrean daudela ohartarazi du udalak, baita nasa batetik besterako pasabidea ere.
“Renfek ez duenez egoera konpontzeko inolako asmorik, beharrezkoa iruditzen zaigu kexa hau helaraztea, eta idatziz eskatzea Pasaiako geltokian beharrezkoak diren mantentze-lanak egin ditzaten, eta geltokia behar bezala zaindu dezaten”.
Izaskun Gomez alkatearen iritziz, Renfe, erakunde publikoa den heinean “behartuta dago instalazioak behar bezala zaintzera eta mantentzera, gure herritarrei zerbitzu hobea eskaintzearren; horixe baita, hain zuzen ere, administrazio guzti-guztien zeregina”.
Renfek eskaera aintzat hartuko duela espero du udalak, “beste udalerri batzuek bezala, Pasaiak ere merezi duelako behar bezala zaindutako geltokia eta sarbidea izatea”.