John Berkhout taldeak bigarren diskoa argitaratu du:?'Bloo Mind'. Gaur aurkeztuko dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
[Argazkia: Josu Torrealday]
John Berkhout taldeak bigarren diskoa argitaratu du:?
Bloo Mind. Estilo erabat ezberdinak jorratu dituzte, baina euren ukitu propioarekin. Gaur aurkeztuko dute, 20:00etatik aurrera, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Oarso Bidasoko Hitzak taldeko Iñigo Goñi bateriajolearekin hitz egin du.
Iaz esan zenuten arriskuak hartzeko “anbizioa eta gogoa” bazenutela. Bloo Mind-en beste estilo batzuek jorratu dituzue, folka atzean utzita.
Beti esan dugu John Berkhout ibilbide luzeko proiektu bat dela. Ez dugu inoiz baztertu beste estilorik, nahiz eta lehenengo diskoan folka eta rocka jorratu genituen. Gogoa genuen gauza berriak probatzeko, eta etortzen badira ere, probatuko ditugu.
Ez zaigu taldea etiketatzea gustatzen, eta beti mugimenduan gauden talde bat gara.
Bloo Mind izena jarri diozue diskoari, hitz jokoa eginda.
Bai,
Bloo Mindek buru/adimen urdinen loraldia esan nahi du.
Loraldi hori erritmo dantzagarriagoetan nabaritzen da?
Disko honetan, azkenean, argi genuen synth asko erabili nahi genituela. Bere garaian erosi genituen, eta denbora pila bat egon gara probatzen: soinuak, atmosferak… Argi ikusten da kanta guztietan geruza asko daudela, synth asko, bateria eta baxu tratatuak eta abar. Elektronika asko gustatzen ari zaigu azkenaldian, eta hori nabaritzen da disko berrian.
Dantzagarriagoa dela? Bai, bateria eta baxuak protagonismo handiagoa duten momentutik bertatik.
Lagun talde bezala egin duzuen bigarren bilakaera da. Instep taldearekin gehiago jorratzen zenuten metala, eta John Berkhoutekin folketik krautrock, dreampop eta beste hainbat estiloetara. Nola jartzen dira ados bost pertsona salto hori egiteko?
Disko honen lehenengo singleak entzutean, egia da jendea asko harritu zela. Naturala izan da. Aurreko biran ginenean, kanta berriak sortzen hasi ginen. Nahiz eta kanta asko baztertu, segituan ikusi genuen zein norantza hartuko genuen.
Normalean, Ekainek [Ruiz] ekartzen ditu ideia nagusiak, eta denen artean joaten gara produkzioak, aldaketak eta nahasketak egiten… Gartxot [Unsain] taldean sartu zenean, bere ardura izan zen letrak egitea. Alde horretatik, salto handia egin dugu: letra askoz hobeak dira, landuagoak, errimarekin.
Gartxot Unsain taldekide berria da. Nola ‘fitxatu’ duzue taldekide gisa?
Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Talde askotan ibili da, bestelako musika mota batzuk jorratzen —hard-rock, progresiboa…—. Abesti ezagunen euskarazko bertsio akustikoak egiten dituen Bi Zaldi taldean ere aritu izan da.
Anderrek [Lizaso], denbora faltagatik esan zigunean taldea utziko zuela, bizpahiru pertsonarekin gogoratu ginen. Gartxoti esan genion lehendabizi. Abesti berrien lehen zirriborroak asko gustatu zitzaizkion, eta hasieratik oso ongi sartu zen taldean. Dinamikarekin oso ongi egin zuen bat, feeling ona eduki dugu. Eta hori ikusten da azkeneko emaitzan.
Eta gainera letrak egiteko ardura hartu du.
Bai, indartsu sartu da. John Berkhout ez da talde hain handia, baina ordu asko eskaintzen dizkiogu taldeari, eta taldean sartzeko premiazko baldintza zela esan genion. Ez zuen arazorik behar ziren ordu guztiak sartzeko. Primeran txertatu da.
Estilo ezberdinak izan arren, nabaritu dut atmosfera bat, edo badagoela ildo nagusi bat. John Berkhout estiloa badago?
Bai. Nahiz eta beste instrumentu batzuek protagonismo handiagoa eduki, atmosferak elektronikoagoak izan, azkenean, ahotsari garrantzia handia eman diogu. Bi diskoetan melodiak garrantzia handia du.
Beraz, Ekainen ahotsa da ildo berdin hori. Hori da John Berkhouten zigilua.
Aurreko diskoarentzako influentziatzat, klasikoez gain, Fleet Foxes edo Beach House bezalako taldeak aipatu zenituzten. Oraingoan zein eragin izan duzue?
Musika pila-pila bat kontsumitzen dugu bostok, baita estilo ezberdinak ere. Kritiketan askotan esan digute Tame Impalaren kutsua baduela. Ez zaizkigu gustatzen horrelako konparaketak. Ez zaigu bidezkoa iruditzen, ordu pila bat sartu ditugulako eta John Berkhouten zigilua hor dagoelako.
Entzuten ditugun taldeen artean M83ren disko berriena asko gustatzen zaigu… baina ez dakit, produkzio lan handia duten diskoak dira gehien entzuten ditugunak. Berdin du estiloa eta mainstream ala ez diren.
Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu zenuten, Ezeiza anaiekin. Nola joan zen grabaketa?
Aspalditik gure lagunak diren Ezeiza anaiek egin duten estudioa estatuko onenetakoa izango da: kriston materiala dute, lekua oso handia da.
2014an hartu genuen txanda estudioan, eta iazko udara bukaeran hasi ginen grabatzen. Normalean, diskoa grabatzeko behar duzun epea hartzen duzu, eta dena jarraian egiten duzu. Disko honetan nolabaiteko freskotasuna eduki nahi genuen kantu guztietan, baita horiek landu ere. Prozesu horretan ez nekatzeko, atsedenak hartzen genituen eta tarteka grabatu dugu. Urtarrila edo otsailera bitartean egon gara grabatzen, nahasketak egiten edo produzitzen. Emaitzarekin oso gustura gaude. Agian, uste genuena baino hobea da emaitza, eta, lehen diskoarekin alderatuz, soinua askoz hobea da.
Diskoa autoekoiztua izan da.
Warnerrekin egon ginen, eta oso ongi bukatu dugu, esperientzia oso polita izan da. Bigarren disko honetan erabaki guztiak guk hartu nahi genituen. Horretarako, autoekoizpena da onena. Azkenean, talde oso ospetsua eta diru asko lortzen duena bazara, agian diskoetxe handi batean onuragarri izan daiteke. Ez dugu baztertu hirugarren disko bat diskoetxe batekin argitaratzea, baina ikusiko dugu.
Nola doa autoekoizpenaren esperientzia berri hori?
Lanpetuago gaude, baina zuk erabakitzen duzunean, zure ardura dira akatsak edo zuk asmatzen duzu. Lan asko egin dugu musikaren esparrutik aparte. Lehenengo balorazioa egiteko agian oraindik goiz da.
Zein harrera izan du diskoak?
Diskoa atera genuenean, erabaki genuen kontzertu gutxi ematea, bereziak izatea nahi genuelako. Bartzelonako Apolo aretoan izan ginen. Miarritzen ere aritu gara, asko gustatzen zaigun dj batekin, baina beste
rollo batean. Ostiralekoa [gaur], Viktoria Eugenia, izango da proiektuaren abiapuntua. Ondoren Miarritzen izango gara berriro, Big Festivalen. Harrera ona izan da gure ustez. Hala ere, datorren urtea izango da kontzertuak emango ditugun urtea, nahiz eta oraindik asko ezin dugun aurreratu.
Nolakoa izango da gaurko kontzertua?
Pet Fennecekin joko dugu. Urko Eizmendiren proiektua da, eta bera gitarra elektrikoarekin jotzen ariko da. Behin data lotu genuenean, pentsatu genuen guri eman ziguten aukera hori beste bati eman ahal geniola. Urko ezaguna eta laguna da, eta oso pozik jaso zuen eskaintza. Uste dut jendeak disfrutatuko duela berekin.
Disko berriko abesti guztiak joko ditugu, zaharren bat ere bai, eta sorpresatxoren bat ere egongo da. Produkzio aldetik, Viktoria Eugenia bezalako leku hain berezi eta politarekin, proiekzioak emango ditugu, argi pila bat botako ditugu… Nire ustez, produkzio aldetik behintzat, orain arte eman dugun kontzerturik onena izango da.