Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileari, errenteriarrei "errealitatea izkutatzea" leporatu dio Errenteria Irabaziz hautesle elkargoak.
Edukiontziak Agustinak auzoan.
Hondakinen tasa %10 igoko duela jakinarazi zuen joan den astean Errenteriako Gobernu Taldeak. Azken 20 urteetako hondakinen kudeaketa “lotsagarria” eta “desegokiak” eraman duela gobernu talde erabakia hartzera azaldu zuen eta gogor salatu, gainera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren (GHK) batzar orokorrak EAJ eta PSE-EEren gehiengoarekin errauste plantaren proiektua berriro martxan jartzeko erabakiak eragin eta ondorio zuzenak dituela udalarengan eta herritarrengan, “mankomunitateei kobratzen dien tasa %20 igo duelako”.
PSE-EEk “demagogia” egitea leporatu zion gobernu taldeari albistearen harira, eta EH Bilduri hondakinak kudeatzeko “seriotasun falta eta ardura eza” leporatu zizkion.
Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileari, errenteriarrei “errealitatea izkutatzea” leporatu dio orain Errenteria Irabaziz hautesle elkargoak. PSE-EEren eta EAJren “errauste apetak” errenteriarrek ordaindu beharko dituztela esan du. “Publikoki salatu behar dugu, EAJ eta PSE-EEren jarrera arduragabea. Zubietako errauste planta eraiki eta kudeaketa pribatizatzeko erabakiak Errenteriako bizilagunek enpresa pribatu bati urtean 31 miloi euroren zati bat ordaintzea ekarriko du 2051 urtera arte”.
Hondakin organikoen gaikako bilketa egiten duten familie, tasa berriaren gaineko %10eko hobaria ezarriko diela jakinarazi zuen gobernu taldeak, bestalde. Alderdi sozialistak “erabaki elektoralistatzat” jo zuen. Horren harira, “demagogiak eta gezurrak bide laburra dutela” esan du Errenteria Irabazizek: “Oarin bi urte proposamena egin zuen gobernu taldeak hondakin organikoak birziklatzen zituzten herritarrei hobariak ezartzea proposatu zuen, baina PSE-EEk EAJ eta PPren babesarekin horren aurka egin zuen. Soilik Bilduk eta Ezker Anitza-IU-k babestu zuten neurri hura, baina tamalez, 2016. urtera arte ezin izan dugu aurrera atera”.
Hautesle elkargoak ekarpenak “positiboan” egiteko eskatu dio alderdi sozialistari, “oinarrizko baldintza da horretarako egunerokoan gure herriko kale eta plazatan egotea, eta hauteskundeetatik kanpo zaila da batzuk ikustea”.