Herria pozik, sanpedroak hastear direlako
Gaur, 20:00etan, Sanpedrotarrak Futbol Taldeko kideek emango diete hasiera jaiei.
Asteartearekin hasita ohi baino luzeagoak izango dira aurten sanpedroak. Baina, beldurrik ez. Sanpedrotarrak festetan murgiltzeko irrikaz daude, eta herrian dena prest da horretarako. Gaur arratsaldean hasiko dira festak. Txupinazoaren aurretik haurrentzako askaria eta buruhandiak izango dira, baita haurren danborrada ere. 18:30ean abiatuko da Portuko etxeetatik. Ondoren hasiko dira jaiak ofizialki, 20:00etan, Sanpedrotarra Futbol Elkarteko kideek alkateordetzaren balkoitik suziria jaurtitzearekin batera. Denboraldia egindako lan txukuna aitortu nahi die herriak futbol taldeko gazteei, azken unean igoerak ihes egin zien arren, azkenera arte borrokan aritu eta harmailak aspaldi ez bezala girotzea lortu dutelako. Futbolarien eskutik jaien hasieran giroa bermatuta dago. Hasiera koloretsua Ohi bezala, txupinazoaren ondoren, gay, lesbiana, transgenero eta bisexualen ikurrina igoko dute alkateordetzaren balkoira, LGTBI kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Ekainaren 28an hasten dira beti San Pedroko jaiak, eta aspaldiko ohitura da sanpedroen atarian. Bihar dute San Pedron festetako egun handia, eta bezperako helduen danborrada jaietako une enblematikoenetakoa. 22:00etan irtengo da arrantzaleen danborrada, aurten ortzadarraren bandera buruan.