Asteburuan kanpaldia egingo dute auzoan. Oiartzun Zutik mugimenduak hondakinei buruz sentsibilizatu nahi dute.
Herenegun arratsaldean egin zuen Oiartzun Zutik mugimenduak bere bigarren batzarra, eta asteburu honetarako jarduerak adostu zituzten asanbleara bildu ziren hogeitik gora lagunek.
Horrela,
jaietan murgilduta egongo den Altzibar auzora mugituko da bizitzaren aldeko aldarria. Horretarako, ostiralean 19:00etan geratu dira udaletxe ondoan. Kanpaldia egiteko beharrezko materiala eramateko deia luzatu diete hurbilduko direnei. Behin elkartuta, Altzibar aldera jaitsiko dira, eta zubiaren ondoko plazan muntatuko dituzte kanpin dendak. Igande goizera arte izango dira bertan.
Gaueko kontzertuetan ekitalditxo bat egingo dutela iragarri dute, musika talde baten laguntzarekin. Izan ere, Gipuzkoa Zutik mugimenduarentzako propio abesti bat prestatu baitute.
Larunbat arratsaldean, bestalde, ibaiaren ertzean dauden hondakinak jasoko dituzte eta, ondoren, Altzibarko zubiaren ondoan pilatuko dituzte. Ekintza horrekin, hondakinak jasotzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi dute.