Xanistebanetan hesiak zaintzeko lan poltsa zabalduko dute
Datorren astelehenetik uztailaren 15era bitartean eman daiteke izena. 18 urtetik gorako euskal hiztunei luzatu diete deialdia.
Xanistebanak hasteko hilabete pasatxo falta da, eta antolakuntza lanek aurrera jarraitzen dute. Bakoitzak bere egitekoak fintzen ari da, eta udala ere bere horretan ari da. Horrela, datorren astelehenean irekiko dute hesiak zaintzeko lan poltsa. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena bertan.
Hainbat baldintza bete beharko dituzte hesien zaintzan lan egin nahi dutenek. Alde batetik, hemezortzi urte edo gehiago izan beharko dituzte. Bestetik, euskaraz jakin behar dute. Horretarako, euskararen ezagutza frogatzeko titulu eta akreditazioak (batxilergoa euskaraz egin izanarena barne). Halakorik ez dutenen kasuan, Euskara saileko arduradunekin euskarazko elkarrizketa egin beharko dute.
Hesien zaintzara aurkezten direnen artean, zozketa bidez hautatuko dute nortzuk izango diren lan egingo dutenak. Zozketa publikoa izango da, eta uztailaren 26an egingo dute, 16:00etan, udaletxeko pleno aretoan.