Ekaineko plenoan, Alokabiderekin hitzarmena sinatzea onartu dute. Horrez gain, LGBT eskubideen aldeko mozioa onartu dute, aho batez.
EAJko zinegotziek alde bozkatu zuten puntu guztietan.
Oiartzungo Udalbatzak atzo egin zuen ekainari dagokion ohiko udalbatzarra. Hamabi puntuko gai zerrenda zuten bertaratu ziren ziengotziek (EAJko bi eta Jexux Leonet alkatea falta ziren).
Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen askapen mugimenduan egun klabea izan zen 1969ko ekainaren 28a. Horren harira, aniztasun eta identitate sexualen aldeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Orain dela 47 urte New Yorkeko Stonewall ostatuan gertatu zen matxinada “mugarri” bezala definitu zuen koalizioak. LGBT askapen mugimenduak aurrerapausoa eman bazuen ere, “oraindik lesbiana, gay, bisexual, transexualen, transgenero eta intersexualen baztertze egoera larriak” ematen direla salatu dute.
Horrela, “kapitalismoak eragiten duen diskriminazioari” eredu matxista patriarkalarena gehitzen zaiola iritzi dute. Gaur egun, homofobia eta lesbofobia erasoak “egunerokoak” direla adierazi dute: “Kaleko eraso fisiko zein ahozkoak, Euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia erede bakarraren inposizioa eskubideak bermatzeko, liburu eta multimedia sexista…”. Orlandoko hilketa homofoboa ere gogorarazi zuten.
Horregatik guztiagatik, orientazio ez heteronormatiboa duten pertsonen aldeko politika instituzionalak martxan jarri behar direla aldarrikatu zuten, eta eraso eta jazarpen guztiak gaitzesteko beharra. Aho batez onartu zuten mozioa.
Agurtzane Lekuona Feminismo Saileko zinegotziak, berriz, LGBT kolektiboaren aurkako indarkeria bortizkeria matxistaren barruan sartu zuen. Horren harira, gogorarazi zuen mota horretako indarkeriaren aurkako elkarlana dutela Oarsoaldeko lau udalek, “jaietan erasoak areagotzen direlako”. Aurten ere protokoloa martxan jarriko dute taberna eta txosnetan.
Etxebizitza merkatua mugitu
Etxebizitzaren gaia aztertu zuten hurrengo bi puntuetan. Horrela, etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratu nahi ditu udalak. Urte hasieran ezagutarazi zuten azterketa baten arabera, 324 etxe huts identifikatu zituzten herrian, eta 204 eskatzaile. Alokabiderekin hitzarmena sinatuko du udalak, “elkarlana ezinbestekoa” baita politika eraginkorra izan dadin. Horrela,
Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa (ASAP) eta Bizigune programak martxan jarriko dituzte.
Etxebizitza hutsak merkaturatzeko diru laguntzak emateko ordenantza onartu zuten, aho batez ere. Izan ere, etxe hutsen errekargoak “eman duena eman du” iritzita, bestelako pizgarriak emango ditu udalak, etxebizitzen parkea mugiarazteko: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga jaistea etxe hutsak merkaturatzen dituztenei; energia efizientzia lortzeko laguntzak ematea; Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean leihatila bakarra izango den bulegoa martxan jartzea eta abar.
Beste gaien artean,
Lurbizi egitasmoa abiarazteko Behemendirekin egindako hitzarmena onartu zuten, baita Ttur-tturri Kataxuloko lokalak lagatzeko akordioa ere, Kuadrillategirentzako erabiltzeko. Gainontzeko puntuak gai administratiboak izan ziren. Guztiak aho batez onartu zituzten.