Eguneko ihesaldian sartu zen, eta helmugatik bost kilometrora harrapatu zuten. Sailkapen orokorrean 24. bukatu du.
Modu onean bukatu du Giroa Santestebanek.
Atzo bukatu zen emakumeen txirrindularitzako probarik garrantzitsuena: Giro Rosa. Verbanian hasi eta bukatu zen 104 kilometroko bederatzigarren etapa. Ane Santesteban Alé-Cipolliniko errenteriarra eguneko bederatzi txirrindularik osatutako ihesaldian sartu zen, Thalita de Jongek eta berak eraso egin zuten mendiko aldapetan, eta bigarren pasatu zuen eguneko azken mendatea zen Bee. Helmugatik hamahiru kilometrora zegoen gailurra.
Txirrindulari errenteriarra bost kilometrora harrapatu zuten, eta beste lau txirrindularirekin batera bigarren posturako sprinta lehiatu zuen. Bosgarren izan zen. Verbaniako helmugan, gezi bat bezala joan zen De Jong irabazlearengandik minutu eta bost segundora sartu zen taldetxoa.
Santesteban Giro Rosako lehenengo etapetan zein gorputzaldi zuen probatzera joan zen,
Hitzari aitortu zioenez, eta horren arabera, azkeneko etapetan saiakera egingo zuela iragarri zuen. Izan ere, ekainean gaixo egon da eta ez zen sasoi punturik onenean. Ongi baino hobeto aritu zen atzo, baina ezin izan zuen etapa poltsikoratu. Sailkapen nagusian 24. postuan bukatu du Alé-Cipollinikoak, Megan Guarnier irabazlearengandik 39 minutu eta 34 segundora. Estatuko txirrindularirik onena izan da lasterketan.
Orain, Rioko Olinpiar Jokoetarako prestaketarekin jarraituko du Santestebanek. Sierra Nevadan altuerako entrenamenduak egingo ditu, eta ondoren Valladolideko Gazte Mailako Itzulian ariko dela jakinarazi du.