Egaña, Lujanbio, Arzallus eta Lizarralde datorren larunbatean ariko dira ikastetxeko pilotalekuan. Sarrerak salgai daude jada.
Lizarralde, Apaolaza eta Cousillas, gaurko aurkezpenean.
Hirugarren urtez, Elizalde Herri Eskolak, Oiartzungo Bertso Eskolaren laguntzarekin, bertso bazkaria antolatu du. Datorren larunbatean egingo dute, eta bertan “kategoriako” bertsolariak izango dira: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña —azkeneko Euskal Herriko txapeldunak— eta Ander Lizarralde oiartzuarra.
Lizarralderekin batera, gaur aurkeztu dute ekitaldia ikastetxeko zuzendari Andoitz Apaolaza eta Josune Cousillas kultura zinegotziak. Larunbateko bertso bazkaria 13:30ean hasiko da, ikastetxeko pilotalekuan, eta Leire Beloki eskolako gurasoak gai jartzaile lanak egingo ditu. Bazkaldu eta gero, haurrentzako jolasak egongo direla jakinarazi dute.
Bazkarira joan nahi duenak, Elizalde Herri Eskolan bertan, Elorsoro kiroldegian, Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian erosi beharko du txartela. Adinaren arabera ezarri dituzte prezioak. Horrela, helduek hogei euro ordaindu beharko dituzte, gazteek hamabi eta haurrek, bost.
Ikasturtea duela gutxi hasita, eskolaz kanpoko jarduera egingo du Elizaldek. Udalak jardun hori eskertu dio eskolari, “euskal kulturaren alde egiten duen lanagatik”, eta bertsozaleak larunbateko zitara joatera animatu ditu.