Giza harremanengatik, batetik, eta lan egoera hobetzeko, bestetik, euskara ikasteko gonbita luzatu dute.
Euskaltegiko kideak, AEKko matrikulazio kanpaina iragartzen duen ‘cheetah’-rekin.
Intxixu AEK euskaltegiak euskara ikasteko deia egin du. Ikasturte berrian matrikulatzeko aukera dago, eta oraindik urratsa egin ez dutenei dei egin diete hizkuntza ikas dezaten.
Euskaltegiko ikasleen artean, euskara ikasteko arrazoi nagusiak “giza harremanak” direla ziurtatu du Intxixu AEKk: “Lagunekin euskaraz komunikatzeko, seme-alabekin euskaraz bizitzeko, bilobekin euskaraz egiteko… Oiartzunen euskaraz bizitzeko, finean”. Erabileran oinarritutako metodologia erabiltzen dute, eta horrek “bizi esperientzia aparta” izatea ahalbidetzen du.
Alde afektiboaz gain, efektiboa ere lantzen dute Intxixu AEKn. Laneko egoera edo curriculuma hobetu nahi dutenei ere egin diete deia, hori baita, euren esanetan, euskara ikasteko bigarren arrazoi nagusia.
Euskara ikasten laguntzeko, Oiartzungo Udalaren beka sistema “paregabea” gogorarazi du euskaltegiak. “Beka sistema horren bitartez, Oiartzunen erroldatua dagoen eta asistentzia ona duen ikasleari matrikularen %50 aurreratuko dio udalak”, adierazi dute. Beste baldintza batzuk —langabetua, gurasoa, ikaslea…— baldin bada, %20 gehiago itzuliko diote ikasturte bukaeran.