Ongi etorri Errenteriara saioaren bidez, herriak eskaintzen dituen baliabideak erakutsi nahi dizkiete etorri berriei.
Harrera protokoloa otsailean aurkeztu zuten hainbat eragilek eta udal ordezkarik.
Azken lau hilabeteetan Errenteria-Oreretan erroldatu diren bizilagun berrei begira, Ongi etorri Errenteria saioa egingo du hirugarrenez Errenteriako Udaleko kultur aniztasuneko, garapeneko lankidetza eta giza eskubideen azpiatalak antolatuta astelehenean.
Guztira, 336 pertsona erroldatu berri dira, eta horiei guztiei asteleheneko saioan parte hartzeko gonbita egin die udalak. Ongi etorria ematearekin batera, informazioa ere emango diete heldu berri direnei herriak eskaintzen dituen baliabideen gainean. Ekitaldian bertan, sei hizkuntzatan argitaratutako baliabideen gida ere emango diete bertaratzen direnei.
Nagore Basurto azpisaileko zinegotzia, eta sail bereko teknikaria den samira Goddyk emango diete ongi etorria eta informazioa heldu berriei, baina ez beraiek bakarrik, izan ere Errenteria-Oreretako hainbat eragilek hartuko baitute parte eta egiten dutenaren gaineko informazioa zabalduko dute. Besteak beste, emakumearen alorra, kultura, gizarte arreta, gazteria, kirola nahiz atzerritartasunarekin zerikusia duten elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte.
Ongi etorri saioa Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan izango da 19:00etan.