III. Gure Bazterrak Fest, larunbatean, Albaolan

Gure Bazterrak Fest

Antolatzaile eta musikariak, Albaolan, kontzertuaren aurkezpenean.

Euskal musika alternatiboan toki bat irabazia duten taldeek joko dute larunbatean San Pedron, Albaolaren Kultur Faktorian. Rural Zombies  eta John Berkhout kartel buru, eta beraiekin batera Burun Danga eta Iñigo Serrulla –iazko jaialdia irabazita plaza lortuta–  eta Luma talde donostiarrak ariko dira. Horiez gain, Vulk eta Señores talde bizkaitarrek joko dute Albaolaren itsas antzokian. Señores taldekoek beren bigarren diska aurkeztuko dute Albaolan, La Luz izenburukoa. 18:30ean hasiko da rock jaialdia, eta sarrerak aurrez Internetez (18 euro) edo han bertan eros daitezke (22 euro). Antolatzaileek aurreratu dutenez, “familia eta adin guztientzat aproposa izango den esperientzia sakon eta inmersibo” batekin emango diote hasiera jaialdiari, ondoren “festa alternatibo” bati tokia eman eta “indie dantzagarrienarekin” amaitzeko. Proiektu gaztea Lehengo ostiralean aurkeztu zuten jaialdia, Albaolan bertan. Gure Bazterrak musika promotorearen kudeatzaile Mikel Lanchok azaldu zituen kontzertuaren inguruko guztiak, eta jaialdia Pasaiara ekarri izanaren zergatia azaldu zuen baita ere. “Berritzea gustatzen zaigu, esperientzia berriak bizitzea”, adierazi zuen Lanchok, eta lokalizazioak erakarri dituela gaineratu zuen, baita Albaolaren kultur proiektuak berak. Jaialdiaren  aurreko bi edizioak Orion ospatu dituzte. Lanchorekin batera John Berkhout taldeko Eneko Lousarrek hartu zuen hitza Albaolako aurkezpenean. Oiartzuarrek bigarrenez joko dute jaialdian -lehengo edizioan ere izan ziren– eta orduko esperientzia ona gogoan errepikatzeko gogoz daudela baieztatu zuen Lousarrek. Kontzertuak, nola ez, Albaolaren babesa du, baita Pasaiako Udalarena ere. Gazteek sortutako musika promotore bat da Gure Bazterrak. Duela hiru urte sortu zuten, lehen jaialdia antolatzearekin batera. Ordutik ari dira lanean, beti ere, “euskal musikaren kantera” sendotu nahian, eta euskal musika taldeei Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko aukera eskainiz.  
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.