Etxebizitzaren beharrari buruzko datu errealak jaso nahi dituzte, gazteekin hitz eginez, arlo horretan pausoak emateko.
Agurtzane Lekuona Gazteria zinegotzia, Jexux Leonet alkatea, Eneritz Arbelaitz alkterodea eta Aztikerreko langileak.
Gazteen emantzipazioari eta etxebizitzaren beharrari buruzko ikerketa egiten hasi da Oiartzungo Udala, Aztikerren laguntzarekin. Herriko gazteen egoera “datu errealetan” jaso nahi dute, aurrera begira etxebizitza arloan eman daitezkeen pausoak zehazte aldera.
Gaurtik aurrera, Aztikerreko lau inkestatzaile etxez etxeko inkestak egiten hasiko dira. 16 eta 35 urte arteko 320 gazteri inkestak egingo dizkiete, etxebizitzari buruz betiere. Aurretik gaia landu dute: etxebizitzan eta hirigintza arloetako adituekin zein emantzipatzea lortu ez duten hainbat gazterekin elkarrizketak egin dituzte.
Azterketa faseko emaitzak aurrerago aurkeztuko ditu udalak, eta gazteen emantzipazioa landuko duten jardunaldiak antolatu dituzte abendurako.