Arraztalo eta Aldura elkarteek antolatu tailerrak, 'Zein kolore du buru-gaixotasunak?' lelopean. Herritar guztiei irekia izango da, euren iritzia jasotzeko.
‘Zein kolore du buru gaixotasunak?’ da tailer zikloaren leloa.
Buru-gaixotasunak dituztenen Oarsoaldeko elkarteek, Arraztalok eta Aldurak, gaixotasunei buruzko tailerrak antolatu dituzte eskualdeko lau udalerrietan. Tailerrak irekiak izango dira, eta bertan gaixotasun mota horiei buruz hausnartuko dute.
Orain arte hitzaldiak antolatu dituzten arren, urrats kualitatiboa emateko garaia dela uste dute bi elkarteetako kideek. “Gure herritarren iritziak entzun, gure ikuspuntua azaldu eta hausnarketa kolektiboa egiteko bereziki prestatutako tailerrak antolatu ditugu”, zehaztu dute. Horrela, buru-gaixotasunak dituztenen testigantzak entzun eta gizarteak gaixotasun psikikoei buruz dituen ideiak jasotzea izango da tailerren helburua, era dinamikoan.
Arraztalo eta Alduraren arabera, buru-osasunaren gaineko kezka “gero eta handiagoa” da, eta uste dute herritarren parte hartzea “garrantzitsua” dela. “Horregatik”, jarraitu dute, “gaixotasun psikiko batekin aurretik kontaktua izan duten eta ez duten herritarrak gonbidatu nahi ditugu gure tailerretara”. Horrez gain, erakunde publikoetako ordezkari eta langileak, elkarteetako ordezkariak eta ikastetxeetako ordezkariak ere tailerretara hurbil daitezen animatu dituzte.
Tailerrek bina orduko iraupena izango dute, eta Farapik koordinatuko ditu. Lau udalen eta aldundiko Gizarte Politika Sailaren laguntza jaso dute tailerrak antolatzeko. Honakoa izango da egitaraua:
- Azaroak, 3. Oiartzun: Manuel Lekuona Bibliotekan, 18:30ean.
- Azaroak 10. Errenteria-Orereta: Merkatuzarren, 18:30ean.
- Azaroak 24. Lezo: Kultur Aretoan, 18:30ean.
- Abenduak 1. Trintxerpe: Alkateordetzan, 18:30ean.