Txapelketaren atzean "herritarren aktibazioa" dagoela esan du Sare herritarrak. Izena emateko epea azaroaren 6an amaituko da.
Sarek I. Mus Txapelketa antolatu du.
Euskal presoen giza eskubideen aldarria egiten jarraitzen du Errenteria-Oreretako Sarek. Oraingo honetan, ordea, beste eremu batera eraman du aldarrikapena, eta mus txapelketa antolatu du. Txapelketaren atzean “herritarren aktibazioa” dagoela esan du Sare herritarrak, “herri honetan dagoen mus tradizioari jarraituta erabaki genuen txapelketa antolatzea”. Txapelketa jokatuko den tabernetan, euskal presoen giza eskubideen aldarria egin eta informazioa zabalduko du gainera, Sarek.
Izena emateko epea, azaroaren 6an amaituko da, eta Arkaitza, Landare, Sindikato edo Reyna tabernetara jo beharko dute inetresdunek.
32 bikoteko txapelketa
Sarek antolatu duen lehen txapelketan 32 bikote arituko dira zortzi erregetara, eta partida bakarra egingo dute lau txikotara. Bikoteek izena emateko 10 euro ordaindu beharko dituzte aurretik aipatutako lau taberna horietako bateren batean. Txapelketaren lehenengo fasea azaroaren 14, 16, 21 eta 23an jokatuko da; final zortzirenak, azaroaren 28 eta 30ean; final laurdenak abenduaren 5ean, eta finalerdia eta finala, abenduaren 7an. 19:45an hasiko dira partidak, eta 15 minutuan agertu ez diren bikoteak txapelketatik kanpo utziko dituzte. Partiden zerrenda tabernetan jarriko dute antolatzaileek.
Sariei dagokienean, lau banatuko dituzte. Irabazleek, txapela jantziko dute eta Donostia Sagardotegian afaria, arkume bat eta bi magnun botila eskuratuko dituzte. Bigarren sailkatuek, Oarso Sagardotegian afaria, bi txuleta, eta bi magnun botila. Hirugarrek berriz, jateko gutizi ezberdinak eta bi magnun botila. Laugarren sailkatuak, azkenik, bi magnun botila eramango dituzte.
Sarek herritar guztiak animatu ditu txapelketaren bidez presoek bizi duten eskubide urraketa salatzera.