Larunbatean egingo du ekitaldi nagusia gaztetxeak Zumardian XVI urteurrena ospatzeko.
XVI. urteurrenaren aurkezpena.
XVI. urte bete ditu Zabalaenea II Gaztetxeak, eta horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilabete osoan zehar. Hitzaldiak, bertso saio elegantea, kontzertuak, gurpil poteoa eta mendi irteera ere egin dituzte urteurrena ospatzeko. Asteburu honetan, ginga jarriko diote urteurrenari jai nagusiarekin.
Zumardian jarri duten karpak hartuko du egun osoko jaia. 11:00etan hasita jolasak eta eztabaidak egingo dituzte bertan, eta 14:00etan bazkaria egingo dute. Txartelak, Sindikato, Arkaitza eta Landare tabernetan daude salgai. Bazkal ostean poteoa egingo dute herri tabernetan barrena Eonian Elektro elkektrotxarangak lagunduta.
Kontzertuek hartuko dute txanda 20:etatik aurrera, Zumardian, eta Penadas por la ley, Against Dou, El quinto contenedor, Los Fastidios, eta The Bobbys taldeak izango dira oholtza gainean.