Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia. Datozen hiru urteetan eman beharreko urratsak azaldu zituzten bertan.
Udaletxeko areto nagusian egin zuten Lanin-en aurkezpena.
Enpresa munduarekin eta euskalgintzarekin sei hilabeteko diagnosia egin ondoren, atzo arratsean Lanin egitasmoaren ondorioak aurkeztu zituzten. Datozen hiru urteetan enpresa txiki eta ertainak euskalduntzeko egin daitezkeen urrats errealak aztertu zituzten.
Aurkezpen ekitaldian Ioritz Aizpuru Euskara Saileko zinegotzia, Aitziber Arnaiz Euskara teknikaria eta Ahize-AEK-ko Mikel Urdangarin eta Aitzol Perez de San Roman teknikariak zein Joxean Amundarain aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzako teknikariak izan ziren. Eurez gain, herriko eragile sozioekonomikoen eta euskalgintzako 25 ordezkari izan ziren.
Aizpuruk azaldu zuenez, Lanin aurrera eramateko, Oiartzunek “potentzialtasuna” badu. “Herri euskalduna da, eta enpresa asko daude bertan”. Enpresei dei egin die zinegotziak, Lanin “aprobetxa” dezaten.
Bere aldetik, Arnaizek jakinarazi zuen “aspalditik” zutela horrelako egitasmo bat martxan jartzeko asmoa. “Esperientziak esan digu”, zehaztu zuen, “euskalduntzeko laguntzak eman direnean, erantzun egiten dela”. Horrez gain, gogorarazi zuen udalerrian 500 enpresa txiki daudela, eta horietan 3.000 langile daudela. “Kopurua handia da, baina udalak lehentasuna izatea erabaki du, eta dirua eta denbora eskainiko dio Lanin programari”, adierazi zuen.
Diagnosia xehetasunak
Perez de San Roman eta Urdangarin aritu dira diagnosia egiten. 40 enpresetako arduradunekin bildu dira, eta zuzeneko elkarrizketak egin dizkiete. Horrez gain, Langunea jarri dute martxan eta enpresa guneetan hiru bilera egin dituzte.
Emaitzetatik abiatuta, prototipo bat osatu dute, eta enpresa bakoitzaren behar eta nahien araberakoa izango da. “Malgua, zehatz eta iraunkorra izango da”, zehaztu zuten Ahize-AEK-ko teknikariek. Ildo horretan, hitzarmen indibidualak eta kanpaina bereziak egingo dituztela jakinarazi zuten.
Gainera, enpresen arteko sarea osatu nahi dute Lanin-en barruan, eta horien artean fluxu ekonomikoa ahalbidetu.
Hiru eskaintza
Lanin-ek hiru motako laguntzak eskainiko dizkie enpresei. Zerbitzu-hizkuntza, alde batetik, errotulazioa eta abarrekin. Lan-hizkuntza, bestetik. Bertan, ahozko eta idatzizko komunikazio bertikal zein horizontala, baliabide informatikoak eta beste hainbat gauza eskainiko dituzte. Azkenik, hizkuntza-kudeaketa izango da hirugarren laguntza mota: estrategiak, baliabideak eta antzekoak egiten lagunduko dute.
Udalak diru laguntzak emango ditu (gastuen %50era arte); aholkularitza zerbitzua martxan jarriko du, lanaldi erdiko lanpostu bat sortuz; itzulpen eta zuzenketa zerbitzua emango du; eta euskara eskolak, mintzapraktika eta antzeko dinamikak antolatuko ditu.
Enpresei, bestalde, hainbat konpromiso hartzea eskatuko diete: solaskide bat izendatzea; egitasmoarekin lotutako zortzi orduko auzolana egitea urteko; praktiketarako, ahal dela, D ereduko ikasleak hartzea; hizkuntz eskubideei begirunea eta, ahal dela, eskualdeko hornitzaileekin lan egitea.
“Orain hasiko da”
Arnaizen esan zuenez, “orain hasiko da benetako esperimentua”. Gipuzkoan ez da antzeko esperientziarik martxan jarri, eta Oiartzunen egingo denak “esportatzeko eta partekatzeko prestutasuna” duela. Horrez gain, iragarri zuten 2017 hasieran jardunaldiak egingo dituzte, Lanin hizpide dutela.
Urdangarinen hitzekin bukatu zen aurkezpen ekitaldia: “Euskararen aldeko energia badago Oiartzunen; aktibatu egin behar dugu”.