Oiartzungo Sare Herritarrak herriko zortzi auzoak lotuko ditu, preso gaixoek pairatzen duten egoera salatzeko.
Osasungintzako langileek eta txirrindulariek egin zuten deialdia, atzo.
Oiartzungo Sare Herritarrak bizikleta martxa antolatu du hilaren 20rako. Atzo egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, hamar euskal preso dira larri gaixorik daudenak, Espainiako zein Frantziako estatuetako kartzeletan.
“Beren osasun eskubideak urraturik daude, eta guk gaur eta hemen hori salatzen dugu”, esan zuen Asier Mitxelena sendagileak, antolatzaileen izenean. Horrela, Oiartzungo hainbat txirrindulari eta osasungintzako langileek gainontzeko herritarrei dei egin zieten hilaren 20ko ekitaldian parte har dezaten. “Giza eskubideen aldeko bizikleta martxa izango da, eta egoeraren larritasuna Gurutzetik Ergoienera, gero Altzibarrera, eta Karrikatik Iturriotzera zabalduko dugu. Ugaldetxotik Arraguara, Elizalen bukatuz”, gaineratu zuen. Jakinarazi zutenez, txirrindularien aurretik furgoneta bat joango da, anbulantzia bat irudikatuz.
Oiartzungo Sare Herritarrak antolatutako bizikleta martxa Gurutzen hasiko da, 11:00etan.