Zortzi auzoetan egin dira auzo batzarrak, eta herritarrek izandako jarrera "egokia" eskertu dute. Aurten egindakoak eta aurrera begirakoak azaldu dituzte.
Elizalden egindako auzo batzarra.
Hilaren 7tik 16ra bitartean, Oiartzungo Udala herriko zortzi auzoetara hurbildu zuten,
bizilagunekin batzarrak eginez. Udalak aurten egindakoa azaldu zuten, baita datorren urteko aurrekontuen berri eman ere. Zortzi batzarretara 110 lagun hurbildu ziren, eta haiei eskerrak eman dizkiete, “jarrera egokia” izan dutelako eta “herria eraikitzeko eskaini duten prestutasunagatik”. Parte hartze maila aurreko urteetakoen antzekoa izan da, nahiz eta auzoen artean kopuru alde nabarmenak egon diren.
Parte hartu dutenei dagokienez, gobernu taldeko kideek esan dute “eroso eta errespetatuak” sentitu direla, herritarrek “jarrera eta tonu oso egokia” izan dutelako euren iritziak, proposamenak eta kezkak helarazteko garaian. Ideia eta iritzi trukaketa “aberasgarri eta eraikitzailea” izan dela ziurtatu du gobernu taldeak.
Ildo horretan, bileretan parte hartu duten herritarrei balorazioa egiteko aukera eman zieten. Auzo batzarrak berak modu positiboan baloratu zituzten, baina auzotarrak ez ziren gustura parte hartze kopuruarekin, jende gutxik parte hartze zuelakoan. Gobernu taldeak, bere aldetik, 16 eta 30 urte arteko gazteen hutsunea nabaritu dute.
2016ari errepasoa
Auzo batzar errondaren aurkezpenean jakinarazi zuten bezala, gobernu taldea agintaldi osoko ikuspegiarekin ari da lanean. “Arrazoietako bat da inbertsioetarako dagoen diru kopuruak ez duela ahalbidetzen urtebetean nahi den guztia egitea”, zehaztu dute.
Aurten egindako lanen azalpenak eman dituzte bileretan. Honakoak izan dira, besteak beste: bidegorria, espaloiak, Lintziringo eremua, ur hoditeriaren saneamendua, herri bideak, Elorsoro kiroldegia eta aparkalekuak. Gainera, Lurbizi, etxebizitza eta Larre Plan egitasmoen berri ere eman dute.
2017ra begira
Oiartzungo Udalak —behin-behinean— 16 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Horietatik bi milioi auzo batzarretan sortutako proposamenenei bideratuko dizkie.
Ildo orokorrak mantentzeko proposamena egin diete herritarrei, eta onartu egin dituzte. Madalensoroko mantenua, Arizmendi berritzeko proiektua, Egia-Enearen lanketa, Lintziringo eremuaren ondorengo faseak, hoditeria eta argiteria konpontzen jarraitu, errepide eta espaloien txukuntzea eta industrialdeen mantenua.
Gainera, aurten aurrera eraman diren hiru egitasmoekin jarraituko dute, eta merkataritza txikia sustatzeko plana batuko zaie.
Kexak
Herriko elkarbizitzan eragin negatiboa duten hainbat gai plazaratu dituzte auzotarrek. Bi gai izan dira oiartzuarrek aipatu dituztenak: txakur kakak eta trafikoari dagozkionak (aparkalekuak ez errespetatzea eta abiadura handian gidatzea). Udalak herritarrei eskatu die elkarbizitza arauak errespetatzeko.