17:00etan piztuko dute txondorra, eta abenduaren 17an aterako dute ikazkinek egindako ikatza. Bisita gidatuak egiteko aukera egongo da.
Arditurriko txondorra pizten.
Garai bateko ikazkinen lana berreskuratzeko eta ezagutarazteko asmoz, Arditurrin urtero txondorra egiten dute. Aurtengoa bihar piztuko dute. Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatzen dute urteroko ohitura bilakatzen ari den jarduera.
Txondorraren piztearekin batera hainbat ekitaldi izango dira bihar Arditurrin. Horrela, 16:00etatik aurrera, haurrentzako kalejira egingo dute Abaraxkakoek eta trikitilariek, aparkalekutik abiatuta. Ordu erdi beranduago, berriz, talo tailerra egingo dute. 17:00etan piztuko dute txondorra, bertsolari eta txistularien laguntzarekin.
Ikazkinek abenduaren 17ra arte zainduko dute Arditurriko txondorra, eta abenduaren 18an aterako dute ikatza bertatik.
Txondorra piztuta dagoen bitartean, gaiarekin lotutako argazki erakusketa eta bideo emanaldiak eskainiko dituzte Arditurriko interpretazio zentroan. Bisita gidatuak egiteko aukera ere eskainiko dute baita ere, aurrez telefono bidezko erreserba eginda (943 49 50 69 edo 943 49 94 21). Bisiten ordutegia astelehenetik igandera 10:00etatik 14:00etara izango da; larunbatetan 16:00etatik 18:00etara ere ikusgai egongo da. Norbere kabuz bisitatzeko aukera ere egongo da.
Abenduaren 4, 6, 8 eta 10ean, berriz, eskaintza bereziak egingo dituzte Tren Berdean joanda, meategiak eta txondorra bisitatzeko. Hori ere telefono bidez erreserbatu beharko da.
Pagoaldetik Arditurrira hiru joan etorri egingo ditu: Pagoaldetik irteerak 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean izango dira eta Arditurritik irteerak Pagoalderantz 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan izango dira.
Trenak, txondorra ikusteak eta meategiaren oinarrizko bisitak bost euro balioko du helduentzako, eta hiru haurrentzako. Sakoneko bisitak, berriz, zazpi euroko prezioa izango du.
Egur ikatza ateratzeko
Abenduaren 17an aterako dute ikatza. 17:00etan, Lur Kortak ipuinak kontatuko ditu, eta ordubete beranduago Olentzeroren Laguntzaileak menditik jaitsi eta ikazkinek egindako ikatza hartuko dute txondorretik.
Ateratzen duten ikatza Olentzeroren Laguntzaileek Doneztebe plazara igoko dute abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian.
Hondarribikoen bisita
Urtero legez, jendetza bilduko da bihar Oiartzungo meategien inguruan, txondorra piztearekin batera, jai giroa izaten delako urtero Arditurrin. Hondarribiko mintzalagunek aukera hori baliatu eta hara dute hurrengo irteera. Goizean joango dira meategietara eta txondorra piztu aurretik erakutsiko diete hondarribiarrei txondorra nola eraiki duten eta bertan ikatza nola sortzen den. Ikazkinek azalduko diete prozesua.