Zazpiak Bat Egunari lekukoa hartuz, 7BAT17 astea egingo dute astelehenetik larunbatera. Askotariko ekitaldiak egingo dituzte, euskal identitatea oinarri.

Merkatuzarren egin zuten 7BAT17 astearen aurkezpena.
Basabürüa Zuberoan dauden hiru eskualdeetako bat da. Bertako ikastola, eskualdearen izen bera duena, 30 urtez, hamar ikasle inguruk bakarrik osatzen zuten. Zuberoan dauden bi ikastoletako bat da.
Orain dela bederatzi urte, Zuberoako mendialdeari zerbitzu ematen zion euskara hutsezko ikastola bakarrak laguntza dei bat egin zion Zazpiak Bat harreman sareari. Laguntza ekonomikoa behar zuten, ikastola itxi ez zezaten.
Horrela hasi zen Zuberoako eskualde haren eta Oarsoaldeko hainbat lagunen arteko harremana. Ordutik, urtez urte, Oarsoaldeko udalerri batean eta Alozen (ikastolak egoitza duen herrian) Zazpiak Bat Egunaren ospakizunak uztartu dituzte, txandaka.
2015ekoa Alozen egin eta gero, aurten Errenteria-Oreretari egokitzen zitzaion Zazpiak Bat Eguna antolatzea, Lezon, Pasaian eta Oiartzunen egin ondoren. Saretuz taldeak hartu zuen antolatzeko ardura, eta «zerbait ezberdina» egiteko asmoa zutela azaldu du Txuss Alfonso taldeko kideak. Zortzi urteko ziklo bat itxi nahi dute horrela, berri bat hasteko.
Aste oso bat
Zazpiak Bat Eguna egun bakarrera mugatu beharrean, aste oso batean ekitaldiak egingo dituzte,
Euskal Herria 7BAT17. Izenetik_izatera izenburupean. Hainbat arlo jorratuko dituzte bertan. Arlo horiek guztiek, izendatzaile komuna dute: identitatea.
«Gure [Saretuz-en] lema», gogorarazi du Alfonsok, «
Sardeska izan zopa mundu batean da. Horregatik, ez genuen bazkari batera bakarrik mugatu nahi; zerbait berria esperimentatu nahi genuen».
Berri hori esperimentatzeko, duela ia mende bateko ideiara jo zuten Saretuz-eko kideek. 1918an Eusko Ikaskuntzak lehenengo biltzarra egin zuen, eta argi zuten euskal nortasunak iraun nahi baldin bazuen, XX. mendearen erronketara moldatu behar zuela. Alegia, ez zituela balore hiritar edo urbanoak alde batera utzi behar.
Helduleku hori hartuta, euskal identitatea gaur egun nola lantzen den aztertu dute, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. «Ni enpresaren mundutik nator», esan du Alfonsok, «eta identitatea giltzarri da bertan, asko lantzen da, propio bezala sentiarazten dizulako. Balore horiek gizartean txertatu behar direla uste dut».

Iaz egin zuten Zazpiak Bat Eguneko irudia, Alozen.
Horrela, errealitatearen diagnosi bat egin ondoren, «garai berrietan, aukera berriak» bilatzeari ekin diote. Euskal nortasunari dagokionez, bere iritzi propioa eman du: «Identitate solido batetik —folklorea, dantzariak, sinboloak…— identitate likido batera pasatu behar dugu. Identitate monolitiko bat izan beharrean, mikroharremanak sortzen dira, hizkuntza eta lurralde komuna dutenen artean». Globalizazioaren testuinguruan kokatu du harreman mota hori.
Mikroharremanena irudikatzeko, Saretuz-ek aurrera eramandako hainbat «proiektu txikiren» adibideak jarri ditu:?Errenteria-Oreretako Iztieta eta Erdigunea auzoak lotzen dituen Homofobiaren Kontrako Zebrabidea, Errigora proiektuaren adar bat izatea, hitzaldiak, odol emateak eta beste hainbeste.
Horrekin guztiarekin, erakusketa bat egingo dute Merkatuzarren. Astelehenetik ostiralera ikusteko aukera egongo da. «Erakusketa astelehenean hasiko da, baina ez dakigu noiz bukatuko den. Alegia, gure planteamendua da jendeak parte hartzea, eta berak bizi izan duen esperientzia erakusketari gehitzea», esan du Alfonsok.
Erakusketa horretan, panelez gain, arlo bakoitzeko karpeta bat egongo da, jorratzen duen arloan egin diren ekintzak jasoko dituena. Hamabost izango dira, guztira, jorratuko dituzten arloak. «Hala ere», gaineratu du Saretuz-eko kideak, «erakusketaren bukaeran izan daitezke arlo gehiago».
Hamabost arloak
Karpeta batean eskematikoki bilduta ditu Alfonsok jorratu dituzten arloak. Banan-banan zerrendatu ditu arlo horiek.
Alde batetik, identifikazioa dago, «gure lurraldea identifikatzen duten zeinuak». Adibidez, herri sarreretako Euskal Herria zeinua duten seinaleak.
Bestetik, Euskal Herriaren egituraketa dago. Bertan, Euskal Herria bere zazpi herrialdeetan egituratzeko aurrera eraman diren proiektu batzuen berri emango dute.
Hirugarren arloa izaera demokratikoa da. Hainbat dinamika barneratu dituzte atal horretan: erabakitzeko eskubidaren aldeko Gure Esku Dago, Ipar Euskal Herriak departamendu propioa izateko Batera plataforma…
Bidezkoa izatea da jorratzen duten beste gaietako bat. «Generacion No Hunger mugimenduaren adibidea dago hor», esan du Alfonsok. «Hip-hoparen bitartez, munduan gosea lehen aldiz desagerrarazi daitekeela aldarrikatzen du mugimendu horrek. Oso interesgarria iruditzen zait, gazteek egiten baitute», gaineratu du.
Arlo horretan sartu dute Homofobiaren Kontrako Zebrabidearena. Ideia ez zela Errenteria-Oreretan sortu jakinarazi du:?«Londresen ortzadarraren koloreekin egin zuten zebrabide bat, Errusiaren enbadaxaren aurrean. Internetetik atera genuen ideia hori, eta horretarako pentsarazten dizuten betaurrekoak jantzi behar dituzu», esan du.
Jorratu dituzten gainontzeko arloak honakoak dira: euskara;?jasangarritasuna —«Errigora edo Labore bezalako proiektuak sartzen ditugu hor»—; izaera kritikoa; euskarazko —nagusiki— komunikazioa; zientzia eta kulturari irekiak izatea; kirolaren aurrean irekia izatea; integratzailea; solidarioa; internazionalista eta alaia.
Hori erakusketari dagokionez. Astelehenetik ostiralera ekitaldi bana egingo dute, horietako arlo batzuk jorratuz. Hala, hezkuntza, sozioekonomia eta .eus domeinua jorratuko dituzten hitzaldi bana antolatu dituzte Merkatuzarren.
Ostegunean, berriz, euskal selekzioen aldeko argazki erraldoia egingo dute. Ostiralean Merkatuzarretik atera eta Gamon Zumardira mugituko dute 7BAT17. Tio Teronen Semeak taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du bertan. Euskal folklorea bihurritu eta gaur egungo kultura eransten diote.
Larunbatean bukatuko dira datorren asteko ekitaldiak. Zuberoako eta Nafarroako Erriberako euskalgintzako kideak gonbidatuko dituzte Errenteria-Oreretara. Musika eta dantza emanaldiak egongo dira, baita herri bazkaria ere. Lau Haizetarak antolatutako Euskararen Eguneko ekitaldiarekin bukatuko da astea.
7BAT17 dinamikak ez du abenduaren 3an etenik izango, Alfonsok jakinarazi duenez. Datorren urtean ekitaldi gehiago egingo dituztela iragarri du, pistarik eman gabe. Helburua, urrats txikiak egitea, 2017an zazpi herrialdeak batago izan daitezen.
Egitaraua
Hilak 28, astelehena
- 18:30ean. Identifikagarria gure nortasuna hitzaldia, Juan Inaxio Hartsuagaren eskutik. Gaur egun transmititzen diren balio nagusiei buruz gogoeta egiteko asmoz.
- 20:00etan. 7BAT17. Izenetik_izanera erakusketaren aurkezpena. Ostiralera arte egongo da ikusteko aukera.
Hilak 29, asteartea
- 19:00etan. Bideragarria gure ekonomia hitzaldia:?Zein da ikuspegi ekonomikotik estatu baten tamaina ideala?, Oskar Arantzabal ekonomilariaren eskutik.
Hilak 30, asteazkena
- 19:00etan. Zientzia irekia. Gure domeinua. Herri sexy baten identitatea sarean hitzaldia, Lorea Arakistainen eskutik.
Abenduak 1, osteguna
- 19:00etan. Kirola, Euskara, Euskal Herria, beti lagun. Argazki erraldoia aterako dute euskal selekzioen alde.
Abenduak 2, ostirala
- 21:00etan. Dantza ikuskizuna emango dute Gamon Zumardian, Tio Teronen Semeen eskutik.
Abenduak 3, larunbata
- 10:00etatik 13:00etara. Euskal Herriko produktuekin azoka.
- Goizean. Euskal Herriko musikariak, kaleetan zehar.
- 12:00etan. Ipar Euskal Herriko eta Erriberako euskalgintzako kideei harrera ekitaldia udaletxean.
- 14:00etan. Herri bazkaria. Menua:?Zopa, paella, postrea eta kafea. Prezioa:?12 euro.
- Arratsaldean. Euskal Herriko dantzariak, Gamon Zumardian eta Merkatuzarren.
- 19:00etan. Euskararen Egunaren harira antolatutako ekitaldia, Herriko Plazan, Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak antolatuta.
1978an sortua; 2008tik etengabe hazten
Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako 34 ikastola biltzen ditu Seaska federazioak. Horietako bat da Basabürüko Ikastola. 1978an sortu zen Zuberoako eskualde horretako hiriburuko —Atharratzeko— Bixta Eder etxean.
30 urtez, ikasturtero, hiru eta sei urte bitarteko hamar haurrek ikasi zuten ikastolan. Herriz herri ibili zen ikastola: Atharratzen hasi, Omizetik pasa, Lexüntzaraino. 2007an, ikastolak SOS deia bidali zion Zazpiak Bat harreman sareari, hamar haurreko ikastola ixteko zorian zegoelako. Oarsoaldeko udalek, 2009tik hasita, ekonomikoki lagundu dute ikastola hori hainbat urtean.
Horrez gain, 2008an, Xiberoko Herri Alkargoak, Alozeko haurtzaindegiaren ondoan, hamabost haurrentzako eraikin berri bat eraiki zuen. Hor hartu zuen aterpe Basabürüako Ikastolak.
Pixkanaka hazi
Inflexio puntua izan zen Alozeko eraikina. Basabürüko Ikastola hazten hasi zen, eta 2011n zazpi urteko haurrentzako modulu bat lortu zuten. Urtero modulu berriak lortzen joan ziren, hamar urte arteko mailaraino.
3.000 biztanle ditu Basabürüa eskualdeak, eta zazpi ikastetxe. Horietan ikasle gehien dituena da ikastola, 45 ikaslerekin.
Hazkunde handi horri aurre egiteko, eraikin berri baten beharra zuten. 2010ean, Xiberoko Herri Alkargoak Aloze bertako Sala etxea eraberritzeko proiektua aztertzen hasi zen, baita konpondu ere. Jabetza publikoko eraikina da, eta Pirinio Atlantikoetako prefetak baimena eman zuen.
Aurtengo Aste Santuaren bueltan zabaldu zuten ikastolaren eraikin berria. Seaskak urtero egiten duen ikasturte irekiera ere Alozen egin zuten. Seaskako presidente Paxkal Indok orduan gogorarazi zuenez, Basabürükoa Seaskako «gainontzeko ikastolen elkartasunari esker» bizi da.
Opor egunetan, Sala etxea animazio zentroa izango da.
Elkartrukeak
Zazpiak Bat harreman sareak, laguntza ekonomikoak lortzeaz gain, harreman pertsonalak ere lantzen ditu.
Horrela, urtero, Haurtzaro Ikastolakoak Zuberoara joaten dira, eta Basabürükoak Oiartzunera, elkartrukean. Horrez gain, herrialde horretako hainbat gaztek Oarsoaldeko enpresetan egin dituzte praktikak.

Basabürüko Ikastolako ikasleak.