Oiartzungo zaharren egoitzak hainbat alorretan euskarak duen presentzia saritu dute.
Maialen Mendibill eta Begoña Goialde.
Petra Lekuona Oiartzungo zaharren egoitzak Urrezko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du. Pasa den abenduaren 19an Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian jaso zuten ziurtagiri hori Petra Lekuonako Maialen Mendibil eta Begoña Goialdek.
Erakunde edo enpresa batek euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ziurtatzen ditu agiri horrek. Ziurtagiria jasotzeko ebaluazio bat pasatu behar da, eta Erreferentzia Marko Estandarrean jasotako itemak zein hizkuntzatan eta nola kudeatzen diren egiaztatzen dituzte. Lau ardatz ditu: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; kanpo harremanak; barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa.
Agiria, 52 enpresentzako
Abenduaren 19ko ekitaldian 52 enpresek jaso zuten ziurtagiria, hiru kategoriatan banatuta. Hemeretzi entitatek urrezko Bikain, 22k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta 11k oinarrizko mailari dagokion beltza jaso zuten.