Udako estropadentzako hilabeteak falta diren arren, arraun elkarteak hasi dira hilabete horietarako prestatzen, bai uretan eta gimnasioetan zein bulegoetan.
Hibaikakoak Ondartxon entrenatzen. Uretako lanak ‘deserrian’—Trintxerpen— egin behar dituzte.
Oporretarako aukera gutxi izaten dituzte traineruetan aritzen diren arraunlariek. Horiek pasata, udako estropadak prestatzen dihardute jo eta ke.
Iazko denboraldian bezala, hamar izango dira ureratuko diren Oarsoaldeko eta Bidasoko traineruak, lau (edo bost) arraun elkartetakoak. Trintxerpeko arraun elkartea, berriz, oraindik zain dago nesken trainerua atera dezaketen ala ez jakiteko.
Klubetako ordezkariekin hitz egin du Hitzak, eta denboraldi berria nola ikusten duten azaldu dute horien ordezkariek.
Hondarribia, bide beretik
Hiru traineru ureratuko ditu Bidasoko arraun elkarteak. Mutilen traineru nagusia bigarren izan zen TKE Ligan zein Kontxako Banderan. Ligan bederatzi bandera irabazi zituzten, hiru txapelketak, eta bukaerara arte lehia estua izan zuten Urdaibairekin. Gainera, Mikel Orbañanos entrenatzaile oriotarrak 2019ko abenduaren 31ra arte berritu du bere kontratua.
«Ea iazko bide beretik jarraitzen dugun, edo gaitasun hori badaukagun», esan du Joxemi Elduaien Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak. Hori lortuz gero, «nahiko pozik» egoteko gauza izango direla gaineratu du.
«Beti izaten dira alta eta bajak, eta aurten hiru joan zaizkigu eta bi etorri. Taldea ustez berdintsu samarra da, baina horrek ez dizu ezer ere ziurtatzen», azaldu du talde berdeko presidenteak. Izan ere, «lana berdin» egin behar dela ohartarazi du, eta arerioak ez direla gutxietsi behar. «Pentsatzen dut aurten joan den urtean baino arerio gehiago izango ditugula», zehaztu du.
KAE1 Ligan arituko da mutilen bigarren taldea. Baja gehiago eduki dituzte, baina Gazte Mailatik igotako arraunlariekin ordeztu dituzte. Helburua arraunlariak formatzea izango da, lehenengo taldera pasatzeko. «Baina —ohartarazi du Elduaienek—, beraiek ere beren harrotasuna dute, eta lehiatu nahi dute. Ez dute erraza izango, KAE1en maila handia dagoelako. Talde oso gaztea edukiko dugu aurten, eta helburua izango da maila horretan mantentzea».
Nesken trainerua iaz berreskuratu zuten, eta epe luzeko proiektua izateko asmoa dute Hondarribia aldean, iaz hasitako gehienak sekula arraunean ibili gabekoak baitziren. Horregatik, ez dute helburu argirik jarri. Elduaienek uste du «betikoak» (San Juan, Hibaika eta Orio) egongo direla aurrean, eta gainontzeko traineruen maila ere ikusi beharko dela.
San Juan, goian ibiltzera
San Juango neskek iaz liga eta Kontxa poltsikoratu zituzten hirugarren aldiz. Garaipen «handi eta zoragarri» bezala definitu ditu Xabier Arraras elkarteko presidenteak. Hala ere, lorpen horiek eskuratzea «batere samurra» izan ez zela gaineratu du, Hibaika gogor lehiatu zelako. «Eta ezin ahaztu Orio: atzetik aurrera datoz, jende gaztearekin», esan du. Antzeko taldea mantentzen dute, eta aurpegi berri batzuekin indartu dute batelerak omentzen dituen taldea.
«Gure areriorik handienak gu geu izango gara. Beti errespetu osoz hitz eginda, esperantza handia daukagu, gauzak ongi joanez gero, iazkoa errepikatzeko aukera izango dugula. Horretarako jardun gara lanean», esan du.
Mutilen trainerua laugarren sailkatu zen iazko ligan, eta Urdaibai eta Hondarribia kenduta, bandera bat irabazi zuten bakarrak izan ziren.
Bide beretik ibiltzea espero dute, baina baja batzuk izan dituzte: «Sentikorrena, eta bapatean harrapatu gaituena, Endika Lopezena izan da, Hondarribiak deitu eta fitxatu duelako. Bajak beti mingarriak izaten dira, eta Josebarena [Fernandez], bagenekien gerta zitekeela. Bermeora joatea erabaki du. Beste bajak ohikoak izaten dira, denboraldia luze egiten da, eta lana edo familia dela, bost bat baja izan ditugu».
Horiek ordezkatzeko, ohi bezala, harrobira jo dute arrosek. «Guk beti aldarrikatu dugu hori dela dugun gauzarik garrantzitsuena. Aurten pauso bat eman behar dugu aurrera», zehaztu du sanjuandarrak. Helburua goian ibiltzea izango da, eta horretarako Juan Mari Etxabek Batelerak entrenatzeari utzi dio eta Erreka-ra pasatuko da. «Argi dugu lanean ongi jarraituko duela», iritzi du Arrarasek, «ongi ezagutzen dituelako elkartearen abantailak. Horiek baliatuz, hortxe borrokan egongo garela uste dut. Iazko laugarren postua eskuratu nahi dugu berriro, zergatik ez?».
San Pedro, mailari eustea
Pasaiako badiaren bokalearen beste aldean, San Pedron, mutilen maila gorenari eusteko helburuarekin ureratuko dira. Bospasei baja izan dituzte, eta beste bi arraunlari kolokan daude. «Hala ere», zehaztu du Antxon Corman elkarteko presidenteak, «talde itxuroso bat egitea lortu dugu».
Cormanek argi du zein den helburua: «Maila mantentzea izango da gure helburua. Gauza asko entzun ditugu: Astillero gaizki dabilela, bai kirol mailan zein ekonomikoan… Ares talde berria izango da. Iaz play-off oso ona egin zuen. Aurten ez da talde garrantzitsuenetakoa izango». Gainera, uste du iazko lana pixka bat hobetuta, seigarren eta zortzigarren postuen artean buka dezaketela liga.
Mutilen bigarren traineru bat aterako dute aurten ere. Hori bai, iaz maila galdu eta KAE2 Ligara jaitsi dira. Corman: «Bagenekien maila gordetzea zaila izango zela, jende oso gaztea delako. Baina formazioko taldea da, eta beraiek ere badakite maila ez dela garrantzitsuena. Lanean jarraitzea da garrantzitsuena». Iaz B taldean aritutako bi arraunlarik jauzia eman dute.
Iaz nesken trainerua ateratzen saiatu ziren, baina ezinezkoa egin zitzaien. «Neskek, arraunean hasi nahi badute, talde indartsuei begiratzen diete. Gure inguruan Hibaika eta San Juan daude, eta inguruko neskentzako erakargarriagoa da talde horietara joatea. Gustatuko litzaiguke… Baditugu neska batzuk, baina oso gazteak dira oraindik», esan du Cormanek.
Hibaika, jauzia ematera
Urteak dira Errenteria-Oreretako klubeko neskak aurrealdean ibiltzen ari direla estropadetan. Hala ere, oraindik ez dute ez Kontxarik ezta ligarik lortu.
Borroka horretan jarraituko dute aurten ere. Gorka Ibarluzea klubaren koordinatzaileak azaldu duenez, ez dira aldaketa asko egon. «Oso pozik gaude taldea mantendu delako. Azkenean, nesken traineruen munduan oso zaila da jarraikortasun bat edukitzea», baietsi du. Baja bat izan dute, mediku arazoengatik, eta Gazte Mailako lau arraunlari igo dira. Beheko mailetan aritutako Gorka Barbado izango da entrenatzailea, Ibarluzearen beraren laguntzarekin.
Helburua, goian ibiltzea izango da: «Iaz bezala ibiltzea espero dugu. San Juanek talde ona izango du, eta Orio oso gertu ibiliko da. Lau traineru onenen artean egotea, gutxienez, espero dugu. Blokea mantenduta, urte bat gehiago elkarrekin egonda, espero dugu pixka bat hobeto ibiltzea».
Talde gorri-beltzaren mutilen traineruan ere blokea mantendu dute, urte gorabeheratsuen ondoren. Iaz KAE1era igotzeko play-offak jokatu zituzten, eta aurtengo negua txukun egiten ari direla ziurtatu du Ibarluzeak. Horrela, KAE2n hiru lehenengoen artean sartzea da errenteriarren xedea, baina gainontzeko taldeen fitxaketak zeintzuk izango diren ikusi beharko dela azaldu du Ibarluzeak. Eurek etxekoekin indartu dute taldea.
Oiartzun, zalantzan
Oiartzungo Itsaslapurrek iazko denboraldian 11 bandera irabazi eta KAE1 mailara igotzea lortu zuten. Oiartzungo klubekoei laguntza eman zieten San Juanekoek, bai arraunlariekin, bai materialarekin zein instalazioekin.
Aurtengo asmoa ere horrela jarraitzea dela jakinarazi du San Juango presidente Xabier Arrarasek. «Harrobiko jendearen galerak baldintzatuko digu guk San Juan bezala trainerua atera ala Oiartzungoekin. Modu batera edo bestera, aterako dugu mutilen bigarren trainerua. Harrobia bultzaka dator, eta Gazte Mailakoak hor sar ditzakegu, ilusio handia dutelako. Guk nahiko genuke Oiartzungoei laguntzea, baina ezin bada, urdina beharrean arrosa izango da», esan du.
Epea hilaren bukaeran itxiko da, eta ahalegin guztiak egingo dituzte azkenera arte. «Pena izango litzateke Oiartzunen izenarekin aterako ez bagina», jarraitu du, «KAE2ra jaitsiko ginatekeelako. Orduan, zerotik hasiko ginateke».
Illunbe, deskarteen zain
Nesken trainerua aterako den ala ez oraindik ez dakite Trintxerpen. Hala adierazi du Itsaso Andueza Illunbe Arraun Elkarteko zuzendaritzako kideak. «Pasaiako Udalarekin hitzarmena sinatu dugu dauzkagun neskak mantendu eta beste batzuk erakartzeko asmoz. Trainerilla aterako dugu, eta beste klubek deskarteak egiterakoan, jendea etorriko balitz, trainerua aterako genuke», baieztatu du.
Aurten 30 urte beteko ditu klubak: «Ekintza bereziak egingo ditugu emakumeen arrauna sustatzeko eta jende berria erakartzeko. Ekaina aldean Illunben arraunean aritu diren emakume guztiak elkartu nahi ditugu. Beti eduki ditugu —ni neu arraunlari izan naiz— eta inoiz ez dira protagonista izan. Jende pila bat pasatu da, eta elkartu nahi ditugu: familia argazkia egingo dugu, lasterketatxo bat antolatu dugu, eta abar».
Onartu du beheko kategorietan beti dituztela arraunlariak, baina seniorretara pasatzean, atxikitzea asko kostatzen zaiela: «Aspirazioa izaten dute inguruko talde indartsuetara joateko. Hori da gure zailtasuna».
Zailtasun horien ispilu da mutilen trainerurik atera ez izana: «Batzuetan arazoa ekonomikoa edo baliabideena da. Gure kasuan da taldea ezin izan dugula elkartu. Liga batean parte hartzeko, arraunlari propioak, propio-harrobikoak eta abar eskatzen dizkizute. Arraunlari propioz nahiko eskas gabiltza».
Traineruen zain, ontzi txikiagoekin gozatu behar
Traineruen denboraldia ekainean hasi bitartean, arrauneko beste hainbat diziplinentzako txanda izaten da neguan eta udaberrian.
Aulki mugikorreko proba egin zuten larunbatean Hondarribian.
Arraun taldeak buru-belarri murgilduta daude aulki mugikorreko txapelketan. Azaroan hasita, hiru jardunaldi jokatu dituzte (lehenengo biak Irunen eta bestea Hondarribian). Herenegun, Gipuzkoako Ontzi Luzeen Txapelketa jokatu zuten Hondarribian (emaitzak ikusteko,
sakatu esteka). Aulki mugikorreko beste lau jardunaldi gehiago jokatuko dituzte Gipuzkoako Ligan. Ia bi hilabeteko atsedenaldiaren ondoren, aulki mugikorreko liga martxoan bueltatuko da. Gipuzkoako Txapelketa, berriz, ekainaren lauan jokatuko dute Orioko uretan.
Bestalde, Gipuzkoako Batelen Ligaren lehenengo jardunaldia hilaren 14an jokatuko dute, Zarautzen. Hamahiru jardunaldi jokatuko dituzte apirilera arte, hil horren 8an jokatuko baitute Gipuzkoako Batelen Txapelketa. Euskadiko Txapelketaren finalak bi asteburu beranduago lehiatuko dituzte; eta astebete pasatuta izango da Espainiakoa, hain zuzen ere.
Batelen denboraldia bukatzen den asteburuan bertan hasiko dira trainerilletako arraunlariak lanean, eta bost jardunalditan zehar jokatuko dute herrialdeko liga, maiatzaren bukaeran hiru txapelketak —Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa— jokatzeko.
Traineruak probatzeko ohikoak diren jaitsieren artean lehena otsailaren 11n egingo dute, Orion. Hil horren 25ean Hondarribiko uretan izango da bigarrena, eta martxoaren 25ean egingo dute San Pedron hirugarren eta azkena.