Euskarazko ahozko transmisioa lantzea da ikastaroaren helburua. Pello Añorga ipuin kontalariaren ikastaroa lau saiotan izango da.
0 eta 7 urte bitarte dituzten haurren gurasoei zuzenduta dago Añorgak emango duen ikastaroa.
Elkar entzuteko gunea sortzen etxean. Liburuak, ipuinak eta kontaketa lagun izeneko tailerra emango du Pello Añorga ipuin kontalari, idazle eta MUko irakasleak, datorren hilabetean. Bereziki, 0 eta 7 urte bitarte dituzten haurren gurasoei zuzenduta dago Manuel Lekuona bibliotekan izango den ikastaroa.
Ipuin tailerra gurasoentzako izango da, baina gaiari buruz gehiago jakin nahi duen orori zabalduta dago, izan irakasle, hezitzaile, begirale edo ikasle. Bi orduko lau saiotan banatuko dute ikastaroa: otsaialaren 1ean, 2an, 8an eta 9an izango dira. 18:00etatik 20:00etara arte iraungo dute.
Ikastaroaren helburua euskarazko ahozko transmisioa indartzea izango da, ipuin eta liburuen bitartez haurrekin harreman afektibo, emozional eta literarioa lantzeko.
Ikastaroak plaza mugatuak izango ditu. Hori dela eta, izena ahal bezain pronto ematea aholkatu dute. Manuel Lekuona bibliotekako harreran eman daiteke izena, baita informazio gehiago jaso ere.