Gizon batek bere bikotekidea ito eta Ultzama ibaira bota izana aitortu dio poliziari. Emakumearen gorpua ez dute oraindik aurkitu.
Blanca Esther Marques ito eta bere gorpua Ultzama ibaira bota izana aitortu zuen atzo emakumearen bikotekideak, Polizia espainiarrak Iruñean duen komisaria batean. Larunbatean Burlatan (Nafarroa) hil zuela esan zuen, eta Marquesen gorpua Arren bota zuela ibaira aitortu zuen. Erreskate zerbitzuek Marquesen gorpua ez dute oraindik aurkitu, ibaiak ur emari handia duelako. Gizona atxilotuta dago eta ikerketa genero indarkeriako kasuak bere gain hartzen dituen Iruñeko epaitegiaren eskuetan dago.
Marquesen hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo du Oiartzungo Mugimendu Feministak bihar arratsaldean. Doneztebe plazan izango da, 19:30etik aurrera.