Errauste plantaren proiektua epaitegietan trabatuta dago, eta GuraSOS
elkarteak abagunea baliatu nahi du auziari irtenbide adostu bat emateko; elkarteko abokatu sanjuandarrak argi du akordioa beste irtenbiderik ez dela.
Joseba Belaustegi, GuraSOSeko abokatua.
Epaitegiek baliogabetu dute aurreko legealdian errauste plantaren proiektua eteteko enpresekin sinatutako akordioa. Espero zenuen?
Gu epai horren mamian ez gara sartzen, baina baloratzen dugu guretzako ona dela, auzitegietan gauza korapilatzen ari delako eta horrek azalarazten duelako adostasunaren beharra, hau da, gure bide orria. Liskar batetik gatoz eta horri buelta eman behar zaio. Nahasmen judiziala, zentzu horretan, lagungarria izan daiteke, bi aukera azalarazten dituelako: liskarra, triskantza, nahasmena eta arazoa konpondu gabe utzi, edo konponketa eta osasuna.
Baina erabaki horrek eta epaitegian hartzeko dauden beste batzuk erabat baldintzatu dezakete hemendik aurrerakoa.
Berez, joko bat da. Aldundiak ezin du oraingo lizitazioarekin aurrera egin, bi kontratu ezin direlako egon batera. Gainera ez dira soilik bi kontratu. Hori baino gehiago da. Bi kudeaketa sistema daude tartean, eta bi ereduak bateraezinak dira. Lehenengo kontratua indarrean baldin badago, bigarrena ezin da lizitatu. Hor beraien jokoa garbi geratzen da. Joko bat da, lehia politikoan aritzeko.
Baina akaso, joko edo lehia politiko horretatik, hainbat enpresak etekina atera dezakete. Zure ustez, nola jokatuko du orain FCCk? Proiektuari berari dagokiola esan du publikoki.
FCCk ez du inongo eskubiderik kalte-ordaina jasotzea baino, eta hori jaso du. Aurreko legealdian bi aldeek kontratua eten egin zuten, adostasunez. Etete hori bertan behera geratzen baldin bada, kontratuaren desegitea ematen da eta kalte-ordaina ordaindu behar da. Baina gaur egun inork ez du garai batean lizitatu egin zen errauste planta handi hori egiterik nahi, horretan denak ados daude. Inork ez du nahi aurreko proiektua, handiegia zelako. Beste guztia jokoak dira.
Beraz, ez duzu espero enpresen arteko lehia hasiko denik.
Dena jokoak dira. Bigarren lizitazioaren gainean oraindik ez dago ezer erabakita, proiektua ez delako oraindik adjudikatu. Gainera, etorkizunean adostasuna baldin badago, azpiegitura batzuk egin beharko dira. Enpresek bereari begiratzen diote eta etor daitekeenari begira ari dira kokatzen. Joko enpresarialak dira, eta hala ulertu behar dira.
Baina aldundiak dio proiektua ez dagoela ezbaian, «geldiune labur» batean baino ez dagoela.
Hori ez da sinesgarria. Erabiltzen ari diren komunikatzeko era hori zaharkituta geratu zaie. Errealitatea zeharo aldatu da, eta ez dute egokitu komunikatzeko era.
Proiektua lizitatu zutela iragarri zutenean GuraSOSek salatu zuen gezurra zela. Ondoren onartu zuten. Orain ere gezurretan ari direla uste duzue. Zuen ustez aldundia zergatik ari da jokatzen modu horretan?
Galdera horri, guk, galiziarren antzera, beste galdera batekin erantzuten diogu. Jendeak pentsa dezala zergatik ari diren gezurretan, baina gauza onerako ez da izango. Arrazoi garden bat ez dago, baina gure hipotesiak baditugu.
Eta horiek plazaratzerik bai?
Urtarrilaren 1ean arau foral bat indarrean sartu da. Arau berri horren arabera, aldundira atxikituta dauden partzuergoek, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa kasu (GHK), diputazioaren baimena behar dute epe luzerako zorpetzeak eduki ahal izateko. Eta hau da kasua, errauste plantaren zorpetzea 35 urterako litzatekeelako. Aldundiak baimen hori emateko prozedura bat egin behar da, eta txosten bat, eta orduan argi geratuko litzateke zorpetze horrek ekarriko lukeen defizita. Hori ez dute onartu nahi, eta horregatik esan zuten adjudikatuta zegoela, hain zuzen ere, arau berria ez aplikatu behar izateko.
Horrez gain, proiektua benetan adjudikatuta egon izan balitz lehengo abenduaren 27an, GHK kapital gabe geratzen zen, ez zuelako jada ustiapena, eta ondorioz, kiebran geratzen zen.
Azken finean, gauzak ezin dituztenez legaren barruan egin, malabarismoak egiten ari dira. Malabarismo horietan gauzak sartzen ez direnean, trikimailuak, gezurrak, tranpak eta horrelako jolasak egiten dituzte, erabaki dutelako borondate politiko bat edozein gauzaren gainetik jartzea; legea, herritarra… berdin zaie. Horrek horrelakoak egitera eramaten die, baina, kasu honetan harrapatu zaie, eta lotsagarri gelditzeaz gain, beren sinesgarritasuna galtzen ari dira.
Bide horretatik jarraitzen badute are nabarmenago gera daitezke. Horregatik guk uste dugu hau une oso egokia dela dena birplanteatzeko eta denentzako irtenbide ona bilatzeko, adostasunez, eta inork ez galtzeko.
Gauza sentsibleekin jolasten ari dira. Gaia lehia politikotik atera behar dugu. Guk ez dugu interes politiko bat, ez dugu nahi inor desgastatzerik. Guk nahi duguna da osasunaren aldetik errauste planta baino seguruago izango den zerbait. Horretarako, beharrezkoa da inork politikoki ez galtzea. Une egokia da geratzeko.
«Denbora lortu dugu, eta bide batez elkarrizketaren bidetik aurrera egiteko aukera»
«Osasunaren aldetik errauste planta baino seguruagoa izango
den zerbait nahi dugu»
«Berriro joko dugu gizartera eta beste mobilizazio bat antolatuko dugu»
GuraSOSek, besteak beste, parte hartze prozesu bat aldarrikatu du eta eskaera epaitegietara eraman. Erantzuna heltzear da. Bide horretatik zer espero duzue?
Hiru auzi daude ebazteke, eta horregatik, hurrengo bi hilabeteetan, gutxienez, ezingo dute proiektua adjudikatu. Gainera, auzietako batean apelaziorako aukera dago. Beraz, luzeago ere jo dezake.
Baina epaitegiek zuen eskaerak balekotzat joko dituztela uste duzue?
Denbora lortu dugu, eta bide batez aukera bat elkarrizketaren bidetik aurrera egiteko. Horregatik, guk berriro joko dugu gizartera eta beste mobilizazio bat antolatuko dugu.
Noizko?
Oraindik ez da behin betikoa, baina otsailaren bigarren asteko igandean izango da ziurrenik, otsailaren 12an. Argi dugu gizarteari eman behar diogula aukera adostasun hori eskatzeko.
Baina esparru politikoan ez dirudi akordioetarako baldintzak ematen direnik, edo bai?
Baldintzak, berez, ez dira existitzen, sortu egiten dira, eta uste dut, horiek sortzen ari garela. Abenduaren 27an dena bukatuta zegoela zirudien. Orain, aldiz, egoera oso bestelakoa da.
Egoera oso korapilatsua izan arren, zuek baikorrak zarete.
Bai, guk nahiko argi dugu, gai honek ez duelako beste irtenbiderik. Azkenean denek onartuko dute, bestela denok min hartuko dutelako. Ez darama inora. Gainera, Gipuzkoa markarentzat ere ez da ona. Oso irudi txarra dela uste dugu. Herritarrok ari gara Gipuzkoaren marka zaintzen, eta horrek buelta bat behar du.
Usurbilen bizi zaren arren, pasaitarra zara eta bertan lan egiten duzu. Pasaia izan zen hondakinak atez ate biltzeko sistema bertan behera utzi zuen lehen udalerria. Zein iritzi duzu erabakiaz, eta bilketak izan duen bilakaeraz?
Akatsak egon dira alde guztietan. Sistema batek, nahiz eta teknikoki onena izan, gizartea batzen ez badu, ez du ezer konpontzen. Ikuspuntua ezin da jarri modelo teknikoetan, baizik eta gizartearen kohesioan eta adostasunean. Garrantzitsuena ez da zer erabaki, baizik eta nola erabaki. Gauzak gatazka baten barruan gertatu direnez, ezin izan dira ondo egin. Horregatik, guretzat, oso garrantzitsua da aldarrikatzea gauzak beste era batera egin daitezkeela, adostasunez, gauzak ondo egiteko.
Orain arte egindakoa, denak, bere balioa badu. Eta denetatik ikasten da. Guk aurrera begiratu nahi dugu, atzera baino. Egindako guztiak bere ondorio positiboa izan du. Gipuzkoak gaur egun askoz gehiago birziklatzen du, eta hori oso positiboa da denentzako. Beste batzuk parte hartzea sustatu dute atez atekoari kontra egiteko, eta hori ere oso positiboa da, parte hartzea zentroan jarri duelako. Goazen batzera alderdi positibo horiek denak, eta horiekin guztiekin irtenbide onena eraikitzera, kohesionatuko duen zerbait.
Lezon akordio bat egon zen, gerora bertan behera geratu dena, hainbaten ustez, herritik kanpo hala erabakita.
Oso interesantea izan da, akordio aitzindaria. Gauza horiek, gainera, inoiz ez dira geratzen hutsean, beti dute eragina, eta ziurra da Lezokoak ere eragin duela eta etorkizunean ere eragingo duela.