52 KiVa ikastoletako bat da Orereta Ikastola. Hilaren 20an jarri zuten martxan jazarpenari aurre egiteko programa bertan.
Eskolako jazarpenari aurre egiteko Kiva programa jarri du martxan Orereta Ikastolak.
Jazarpen bakar bat gehiago ere ez gertatzea. Hori da Ikastolen Elkarteko 52 ikastolen helburua, Finlandiatik ekarri, eta beren zentroetan abiatu duten Kiva, jazarpenari aurre egiteko programarekin. 52 Kiva ikastoletako bat da Orereta Ikastola. Hilaren 20an jarri zuten martxan programa bertan. Finlandiako Turkuko Unibertsitateak garatu du Kiva, eta munduan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena dela esan dute Orereta Ikastolako arduradunek, “helburua, noski, ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea”.
Bullyng-arekin amaitzeko “borondate irmoa” azaldu dute, eta fenomeno “globala eta larria” dela esanda, datuak eman dituzte: “Mundu osoan ikasle haur eta nerabeen %10ak jasan du edo jasango du jazarpena, eta ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira jazarpenaren egile, eta %7 laguntzaile izango dira. Lekukoei dagokienean, gehiago dira erasotzaileen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17)”. Gainontzekoak (%34) ez direla ohartuko eskola jazarpenaz gaineratu dute.
Talde fenomenoa ere bada
Globala izateaz gainera, fenomeno sozial edo talde fenomenoa ere badela jazarpena nabarmendu dute, eta harekin amaitzeko erasotzailearekin eta biktimarekin lan egitearekin batera, taldearekin ere lan egin behar dela argi dute, “taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik, biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen bada taldea, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Prebentzioak garrantzi handia dauka beraz”.
Horren harira, prebentzioa lantzeko ikasmateriala erabiliko dute (testu liburuak, baliabide digitalak eta webgunea, besteak beste) Kiva programan. Material horrekin gelan bertan hainbat balio lantzea da helburua,
bullyng kasuen aurrean jokabide jakin bat, salaketa, eta biktimaren alde jartzea bultzatzeko. Prebentzioarekin batera, esku hartzea eskatzen du gaiak eta baita jarraipena ere.
Kivak irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen duela esan dute, bestalde, “eta baita gurasoak ere. Horientzako eskuliburuak daude. Azken batean eskola komunitate osoa inplikatzen du Kiva programak”.
Orereta Ikastolarekin batera, 52 Kiva ikastolen barruan daude Pasaia-Lezo Lizeoa eta Oiartzungo Haurtzaro Ikastola.